
Aupa lagun maite hori!
Urte berriari hasiera eman diogu eta zaharra atzean utzi. Dena dela, ohi bezala, urte aldaketak iazko ‘egiteko’ batzuk oraindik amaitu barik harrapatu nau; beraz, bukatu gabe geratutakoak kitatzen nabil oraindik. Horietako bat da oraingo post hau.
Joan den abenduaren 10ean, Hazkuntza eta Erantzukidetzari buruzko jarduera gidatu nuen Gasteizen. Ekimena Ez:Berdin zentroak eta On:Giz elkarteak antolatua zuten, eta Bikote Harremanetan, Familia Egituran eta Hazkuntzan Berdintasuna Sendotzeko Emakume eta Gizonen Arteko Topaketetako bat zen. Topaketa-sorta ondoko beste hiru jarduerek osatu zuten:
- Berdintasuna, Maitasuna eta Bikote Harremanak. Urriaren 1ean gauzatua, Xabi Odriozola On:Giz-eko kideak gidatua.
- Amatasuna eta Eremu Publikoa. Urriaren 22an Nieves Saenz de Camara AMA Arabako Amen Elkarteko kideak gidatua.
- Aitatasuna eta Zaintza. Azaroaren 12an Edu Portilla eta Diego de Cristobal Ez:Berdin zentroko kideek gidatua.
Jarduera Gasteizko Aldabe Gizarte Etxeko Erabilera Anitzeko Aretoan gauzatu zen. Arratsaldeko 6etan hasi eta 20:15ean amaiera eman genion.
Hamar lagunek hartu genuen parte, sei gizonek eta lau andrazkok. Gehien-gehienak seme-alaba txiki edo gazteen guraso, eta bikote bat amama-aititak. Partaide kopurua txikia izan zen, bai, eta min piskat egin zidala aitortzen dut. Oraindik ere barruak esaten dit kopuru handiak hobe direla -eta beharrezkoak-, nahiz eta buruak gero eta garbiago esaten didan ez dela honela beti eta nahitaez. Areago, sarritan, kopuru txikiagoak askoz ere eraginkorragoak izaten dira konfiantza, hurkotasuna eta, ondorioz, parte hartzea bilatzen dugunean. Eta honelako ekimenen helburu nagusia kontuan izanda, hauek funtsezkoak ditugu.
Edozelan ere, nago kopuru txikien kontu honek zer hausnartua ekarri beharko ligukeela, batez ere deialdiak zelan eta zein bidez egiten ditugun, uste baitut gaia erakargarria eta interesgarria dela jende askorentzat.
Jardueraren metodologiak, ohiko lez, elkarrekin eragiteko pentsatua zegoen, alegia, auto gogoeta bultzatzea eta partekatzea ziren helburu nagusiak, nork bere egunerokoan egoki iritzitako aldaketak eta hobekuntzak diseinatu aldera. Jende gehiagorentzako prestatua nuen hasieran, baina nahikoa malgu izan ginen bertako egoera egokitzeko.
Hazkuntzarekin hasi ginen. Honetan, hazkuntzaren garrantziari begiratu genion, eta bai gizartearentzat bai norbanakoarentzat jarduera oinarrizkoa dela adostu. Hazkuntzak dituen alde positiboez aritu ginen, besteak beste, pertsonoi aukera ematen digula maitasun harreman sakona josteko beste gizaki batekin; normalean besteekin izaten ez dugun konexio handia lortzeko aukera ematen digula; hari esker, pertsona baten garapenaren lekuko zuzena izan gaitezkeela; haurren edertasunaz, garbitasunaz, zintzotasunaz, bizipozaz, kemenaz,… gozatzeko parada ematen digula; eta aspaldian, gu
re sozializazio prozesuan, “ahaztu” genituen (‘arazi ziguten’ egokiago segurki) haurtzaroko tasun hauek berrikasi ditzakegula hari esker.
Gero, hazkuntzan, guraso eta, oro har, haurren tutoreek izaten ditugun zailtasunei ere begiratu genien, nork bere bizipenetatik abiatuta. Alor honetan ikusi genuen zailtasunak ere handiak direla eta gurasoen bizimodua askotan gogor samarra dela. Hazkuntza egokia garatzeko oztopo estruktural eta pertsonalei begi eman genien.
Egitura sozialari dagozkionen artean, egungo sistema sozioekonomikoan hazkuntza gutxietsita dagoela aipatu genuen, eta jarduera pribatutzat hartzeak ez diola mesederik egiten; ez zaiola eskaintzen beharrezko baliabide materialik (laguntzak, lan baimenak, lan malgutasuna…) eta apoio sozialak ere eskasten direla balio hedonista, inmediatista eta indibidualistak nagusitzen diren heinean.
Zailtasun pertsonalei dagozkienez, lan handi-handia dela hazkuntza, egunerokoa,“oporrik” bakoa, aipatzen genuen; oso estresantea dela; gurasoak erabakiak hartu behar ditugula etengabe patxadaz pentsatzeko betarik gabe; barruan “lotan”-edo dauzkagun hainbat eta hainbat emozio (etsipena, ezintasuna, beldurra, tristura, zaputza, erruduntasuna…) pil-pilean jartzen zaizkigula; eta, honi eransten zaiola nork bere “motxilan” aurretiaz zekartzan “harrien” zama (sexismoa, autoritarismorako joera, etsipena, isolamendua, menpekotasuna,…), hauek zaildu egiten digute-eta nahi genukeen bezalako gurasoak izatea.
Egungo soldapeko lan munduaren antolaketa eta hazkuntzaren arteko talkaz eta hau kudeatzeko norberaren dudez ere hitz egin genuen. Zelan egin hazkuntzari dagokion arreta eta denbora emateko lan molde zurrunari estuki lotuta bagaude? Norberaren baloreaz landu eta aldatzeaz egin genuen berba; nork bere buruari zintzo eta ausart begiratu eta lehentasunak erabaki beharra duela; diru gutxiagorekin bizirik ere seme-alabekiko harreman osoagoak ematen duen gogobetetasuna goraipatzen zen; baina beti ere gogoeta norberak egin beharra duela, nork bere egoeraren arabera, eta erabakitakoaren gaineko erantzunkizuna hartu.
Honetaz, laguntza instituzionalak ez-nahikoak direla esaten zen argi eta garbi, baina, baita ere, nork bere inguruan eraiki behar duela laguntza-sarea, lagunekin, senideekin, beste gurasoekin, etab. Mikrokomunitateen beharra azpaimarratu zen.
Gurasoon zailtasunen aldetik, formakuntza eskasa dugula aipatzen zen. Egungo egoerari egokituta ez dauden iraganeko erreferentziek (gure aurrekoenek, hin zuzen) ez dutela guztiz balio eta ezgai sentitzen garela. Baten batek aipatu zuen txantxetan-edo ‘gurasotzarako ikastaro’ bat ez ote dugun behar.
Une horretan ariketa bat egin genuen: bikotean, txandaka, eta elkarri jarduna eten arazi barik, batak besteari kontatzea zer egiten duen ondo guraso bezala. Ariketaren helburua nork bere buruari begiratu eta guraso lanetan gauza asko eta asko -gehienak ere bai- ondo egiten dugula ohar gintetzen izan zen, eta horren kontzientzia hartzen laguntzea.
Hortik, erantzukidetasunera igaro ginen, nahiz eta, gai biak lotu-lotuta daudenez, bigarren gai hau behin baino gehiago agertua zen lehenengoa jarratzean ere. Hortaz hasi ginen aipatzen egun ez dagoela benetako erantzukidetasunik, edo oso-oso minoritorioa dela, andrazkoek jarraitzen baitute izaten zaintza- eta hazkuntza-lanez arduratzen direnak, eta alde handiz gainera.
Aurrekoan bezala, antolakuntza sozioekonomikoak erantzukidetza zaildu egiten zuela esan genuen, eta adibide batzuk agertu ziren: jaiotza edo adopzioagatiko lan-baimenen ezberdintasunak; gizon eta andrazkoen soldaten arteko ezberdintasunak; lan banaketa sexista, zeinean emakumeak diren zaintza lanetan aritzen direnak; zenbait pizgarri etxekoen zaintzaz arduratzen direnentzat, emakumeak lan mundutik ateratzea bultzatzen baitituzte; eta egungo antolamendu sozialaren helburu nagusia irabazi ekonomikoa izatea, gizartearen onuraren gainetik ere.
Maila pertsonalean ere zer aldatu franko dago oraindik. Gizonok, oro har, ez ditugu geure egin zaintza eta hazkuntza. Azken urteotako hobekuntzatxoak gora-behera, balore matxistek iraun badiraute tinko gizon gehien-gehienengan, eta honek erantzukidetzaren garapen eskasarekin zer ikusi zuzena du, zaintza lanak emakumezkoentzat ikusten baititugu, eta dagokigun ardurari muzin egiten diogu.
Bileran zeuden gizonak erantzukidetzarekiko jarrera positiboa zutenez, beren egunerokoan zituzten arazoez aritu ginen. Bata, oso nabarmena, erreferentziarik eza zen (ez dakit zelan egin, ez didate inoiz erakutsi, ez nago entrenatuta…) eta, horren ondorioz, txarto egiteko beldurra. Horretaz gain, ingurukoen (lankide, lagun, senideen) presioa ere aipatzen zen, lanaldia murriztu edo hazkuntzari lehentasuna ematea ebatzia zuten gizonei apoioa eman baino gehiago erabakiaren zuzentasuna kolokan jartzen zietela. Aipaturiko beste zailtasun bat andreekin batzuetan sorturiko espazio-gatazka izan zen, alegia, emakume batzuei gogor egiten zaiela hazkuntza ardura gizonen esku uztea, hauek txarto egingo dutelakoan, edo beren betiko espazioa eta protagonismo-gunea galtzeko uzkur.
Azkenik, erantzukidetzaren beharra eta onura gizonen artean zabaltzeari buruz jardun genuen. Zelan egin? Nork bere esperiantziak eta zailtasunak partekatu genituen honetan. Gizonei begirako politiken beharra aipatu zen, alde batetik; baina, bestetik, nork bere inguruko gizonekin egin beharrekoa ere, hots, eredua eskaintzea, eta uko egitea ezbaika lehiatzeari edo “konbenzitzeari”, etab. Honetan izaten ditugun zailtasunez eta zaputzez aritu ginen. Adimenaz jokatu beharra dugula aipatzen zen, norekin, noiz eta nola egin, pertsonal mailako harremanen garrantzia azpimarratuta, eta “sakrifizio” joera zentzugabeak bazter utzia.
Erantzukidetzaren inguruan sendi barruan izaten ditugun korapiloak zelan askatu eta gatazka ohikoenak zelan kudeatu ezin izan genuen jorratu denbora faltagatik. Izan ere, 20:00etan amaitzekoa zen bilera, 15min. geroago eten arazi behar izan genuen derrigor, nahiz eta oraindik parte hartze oparo eta gogotsua izan.
Jarduerari amaiera emateko, norberak arratsaldean ikasitako, gogoko izandako edo interesgarritzat hartutako zerbait adierazteko txanda pasa egin genuen.
Laburbilduz, saio polita eta atsegina izan zen, parte hartze handikoa eta gizon-emakumeen arteko lankidetza eraikitzeko eredugarria. Izan ere, desadostasunak eta ikuspegi ezberdinak hainbatetan agertu baziren ere -ezin bestela izan-, errepetuzko giro erlaxatu eta atsegina sortu genuen, denok zerbait ikasteko modua ahalbidetu zuena.
Beno, ba hauxe izan da dena oraingoz, lagun hori. Hartzazu besarkada handi-goxoa nire partez eta ondo bizi, merezi duzu-eta!