Kaixo lagun maitea,

joan den larunbatean hasiera eman diogu Tratu Onaren aldeko lantegi sortari Irungo Lakaxita gaztetxean. Iaz hasi nintzen haiekin harremanean, eraso sexista baten inguruan sorturiko gatazka -barnean eta beste erakunde batzuekiko istiluak eragin zituena- kudeatzen laguntzeko. Pozik geratu ziren egin genuen lanarekin eta tratu onaren aldeko zerbait egiteko aukera aztertzekotan geratu ginen. Urtearen amaierako proposamen bat egin nien, haiek onartu eta abian jarria dugu.

Tratu Onaren aldeko ekimen honek Gizon Ekimena elkarteak abian jarri zuenaren ildo filosofiko bereari darraio. Funtsean, pertsonon arteko harreman gizabidezkoak eraikitzea da gakoa, lankidetzan eta berdintasunean oinarrituak, orain nagusi diren lehiakorkeriari eta menperatzeko antsiari muzin eginez;  norberaren ardura eta eginbeharra azpimarratuz; eta elkartasuna eta elkarren apoioa sustatuz. Era berean, tratu onean oinarrituriko harremanek elkarte eta erakundeen funtzionamenduari ekartzen dioten onura ere oso kontuan izatekoa da, nahiz eta arlo hau askotan bazter utzi eta gizartean nagusi diren jarrera kaltegarriak gailendu talde gehienetan.

Izatez, sexismotik haragoko ekimena da Tratu Onaren aldeko hau, nahiz eta sexismoa izan tratu onezko harremanak zailtzen dituen gakoetako bat.

Lehenengo lantegi honetan, eta datozen beste hiruetan erabiliko duguna ere, ibili dugun metodologia partea hartzea eta norberaren inplikazioa ahalik eta handiena zein sakonena izateari begira dago pentsatuta. Izan ere, ez gara mugatzen ariketa intelektuala egitera, geure emozioetan nahiz bizipenei ere tartea eskaintzen diegu-eta. Honetarako, konfiantzako giro ziurra, giro intimo eta kidetasunezkoa, gaitzespen eta erruduntasunik gabea sortzen saiatzen gara, non norberak libreki parte hartzen duen. Oso emankorra izaten da bai taldearentzat bai taldekide bakoitzarentzat.

Beraz, larunbatean  Gaztetxearen Asanbladako zazpi kide eta zortziok -beste bi ezin izan ei ziren etorri- lau lantegiko sorta baten estraineko urratsa egin eman genuen Lakaxitan. Goizeko 10’30etan eta 13’30etan edo amaiera eman genion jardunari. Bi gai nagusi jorratu genituen:

  • Bata, gizakion izatea -jendearen berezko ezaugarriak, potentzialitateak, ahalmenak,…-. Izan ere, jendearen arteko tratu onaz ari bagara, tratu on horiek emaile eta jasotzaile diren pertsonez aritu behar dugu.
  • Bestea, tratu onaren definizio kolektiboa zein indibiduala; alegia, tratu onaren ezaugarriak, zelako baldintzak behar dituen gauzatu ahal izateko,…

Hurrengo lantegietan honako esparrutan arituko gara, besteak beste: jokabide desegokien ezaugarriak eta jatorriak; tratu txarra eta zapalkuntzak -ezaugarriak, antzekotasunak, ezberdintasunak,…-;  norberaren sendotzea tratu txarrik onar ez dezagun, autoestimua, emozioen kudeaketa osasuntsua,…; tratu onean oinarrituriko harremanak eraikitzeko proposamenak– elkar laguntza, harreman kooperatiboak,…-.

Uste dut, bere xumean, jarduera emankorra izango dela tratu onaren aldekoa eta itxaropentsu nago. Beste toki batzuetara zabaltzea ere pentsatzen ari naiz, ikusiko dugu.

Beno, lagun maitea, gaurkoz hauxe da dena. Hartzazu besarkada handi goxoa eta ondo bizi! merezi duzu-eta.