Aupa lagun maite hori!
Martxoaren 12an eta 13an Santurtziko Serantes mendiko gotorlekua biziberritze lanetan dabilen Lantegi Eskolako mutilei bi saio eman nizkien generoari, sexismoari, berdintasunari eta gizontasun ereduei buruz. Orain hilebete batzuk Lantegi-Eskolako arduradunek adierazi zidaten beren kurrikulumaren barruan generoaren gainean aritzeko tartea zutela eta eskatu zidaten neuk hartzea gaiaren ardura. Gonbitea ontzat hartu nuen eta bi saioko modulotxoa egitea proposatu nien. Joan den asteon burutu ditugunak, hain zuzen.
Hemezortzi pertsona izan ditut taldean, denak 18 eta 20 urte bitartekoak. Hiru kontinente -Afrika, europa eta Amerika-, bost herrialde -Senegal, Maroko, Euskal Herria, Kolonbia eta Dominikar Errepublika- eta sei hizkuntza -wolofera, arabiera, tamazighera, frantsesa, gaztelania eta euskara. Aniztasuna ezin ukatu, beraz. Den-denak mutilak, neska bat ere ez, eta 18 eta 28 urte bitartekoak.
Honelakoak ez dira izaten gehien gustatzen zaizkidan bilerak, noski. Hasteko, gaia kurrikulumeko zatia denez, mutilak derrigortuta etortzen dira, ez nahita, eta honek eragina izaten du: onkeria politikoa nabarmena izaten da eta gaia benetan lantzea, sakontzea, inplikatzea, zailagoa izaten da; alegia, haiek badakite zelako diskurtsoa egin behar izaten duten eta horri eusten ibiltzen dira gehienetan. Bestetik taldea handiegia denez, intimitaterako aukera urriagoa izaten da, eta azalean geratzeko arrisku handiagoa izaten da, hots, gizonkeria -gizon taldeak espero duen jarrera- apurtzea gaitzago izaten da. Azkenik, haien lan egunaren amaierako jarduna izango zenen gurea, oso litekeena zen nekatuta eta gogo handirik gabe etortzea gehienak.
Gauzak honela, hasieratik garbi nuen ez nuela eman nahi ohiko saio eskolarra, betiko lezioak azaldu eta hor konpon, marianton! baizik-eta, hasieratik haien parte hartze ahalik eta aktiboena lortzea, eta horri begira prestatu nituen saioak.
Hasieratik bertatik saiatu naiz konfiantzazko giroa sortzen, eta eskolaren antza izan zezakeen ahalik eta gauza gehien baztertu. Gutxienez, mutilekin etorri ziren bi monitoreetako batek ez parte hartzea lortu nuen lehenengo egunetik, eta geratu zen bestea begirale baino gehiago beste partaide bat izango zen.
Hasteko aurkezpenak egin genituen, piskat girotzeko egoera -jakinda haiek elkar ezagutzen zutela jada, eta neuk ez nituela ikasiko 18 pertsonaren izenak txanda batean, noski-, eta eskatu nien beren izena, jatorria eta ama-hizkuntza adieraz zitzateela, denak zirkuluan bilduta. Gero, paper orri bat hartuta, eskuz gizaki bat egin zuen bakoitzak. Aurkepenean jatorria zein ama-hizkuntza azaltzeak gehi papaerezko gizakiarenak bazuten xede berbera, alegia, taldearean aniztasuna islatzea, eta aniztasun haren barnean denok funtsean berdinak ginela erakustea. Eta barrea egitea ere noski. Hortik aurrera, eztabaida eta norberearen gogoeta bultzatzeko ariketa arinak eta multimediak izan ditugu tresna.
Lehendabiziko saioan, sexua eta generoaz, gizontasun eta emakumetasun rolez, berdintasunaz eta abarrez jardun ginen; bigarrenean, gizontasun eredu hegemonikoari ikuspegi kritikoaz begiratzea. Biotan, nork bere gogoeta, bizipen, pentsamolde eta abarrekoak elkarri agertzea xede nagusia.
Izan ere, hauxe izan da bi saioko jarduera honetan izan dudan helbururik behinena, hots, generoaz, berdintasunaz, sexismoaz, gizontasunaz, homofobiaz, gizon-emakume harremanez eta halakoez berba egitea denon artean, elkarri norberaren azalduz eta adituz, eta horretarako giro egokia, ziurra eta atsegina sortzea. Uste bainuen, eta oraindik ere badut uste bera, hauxe dela gizon gehienei dagokien lehendabiziko urratsa: gai hauetaz aritzea, geure egitea, emakumezkoei soilik ez baizik-eta geuri ere badagozkigula barneratzen hastea.
Santurtziko lantegi-eskolako mutilekiko jarduera burutu eta bi astera dagidan balorazioan, hasierako helburu hauek neurri handian bete direla uste dut: normalean hitz egiten ez dugun gai batzuetaz jardutea; normalena ikusten ohitu garen hori -gizontasunari esleitzen zaizkion hainbat ezaugarri, rol eta abarrak- jendearen eraikuntzak direla, ez jainkoren baten aginduak eta geneetan daukagun zerbait antzematea; sexismoa geure gizartearen bazter guztietan aurki dezakegula;gizon izateko manerak antzekoak eta ezberdinak izan daitezkeela tokian-tokian; norberaren gizontasun ereduari kritikoki begiratzea;…
Eta neuretzat zelakoa izan da jardunaldi hau? Erronka handia izan da gizon gazteekin jardutea eta haien egoera “normalaz” -gizonkeriaz blaituriko antzerki horretaz- bestelako batera ekartzea. Ez dira huskeria izaten taldekeriak ezartzen dituen oztopoei -batez ere, ustezko statusari gizonen eutsi behar horri- aurre egitea autoritarismo eta heldukeria gehigirik gabe -gehiegi diot, ondotxo jakin baitakit oraindik heldukeria eta autoritarismo zantzu potoloak geratzen zaizkidala nire gizon egite horretan hartuak-. Norberaren askatasuna eta besteenganako errespetuaren arteko oreka lortzea ere ez da euli-kaka izaten, eta adi-adi izan behar izan dut larregi ez bidegabetzeko. Ildo horretan, mutil batzuen homofobiaren aurrean nik gaitzespenkeriaz ez jokatzea autokontrol ariketa ederra izan dut -zein zabaldua eta onartua dagoen homofobia! misoginia eta emakumearekiko gutxiespena baino askoz gehiago ere. Badugu hor zer hausnartu eta zer landu gizontasun eredu gizatiarraren bila gabiltzanok-. Era berean, gizontasun eredu hegemonikoa zein naturalizatuta dagoen, horretan zenbat dugun deseraikitzeko ikustea etsigarria bezain motibagarria da niretzat.
Gogobete nauten gauzen artean nabarmenduko nuke mutilek izan duten parte hartzerako joera, onkeria bazter uzteko izan duten ausardia, haien zintzotasuna. Baita ere ikustea haien hasiera errezeloak gaindituta, gustura izan direla jardunaldietan zehar. Honen adierazgarri garbia, azken balorazioko haien berbez gain, monitore baten esanak eman zidan: “gustura izan dira mutilak, ez dute behin ere eskatu gelditzeko erretzera ateratzeko”. Hara gustura egon diren probarik garbiena 😀
Laburbilduta, beste esperientzia polit bat, ikaskizun handiak eman dizkidana, eta dexente asebete nauena. Ikusiko dugu zelan segida eman.
Bueno lagun, hauxe da dena oraingoz. Hartzazu besarkada handia nire aldetik, eta ondo bizi! merezi duzu-eta.
Zorionak, Iñaki. Esperientzia polita izan dela ematen du; eta zure kontatzeko moduak ere asko lagundu du gustura irakurtzeko.
Eskerrik asko, Aitor. Hire hitzek bihotza gozatzen zidatek. Ondo izan eta ea laster elkarrkin hitz-aspertutxo bat egiteko aukera dugun. Ostiralean hire herri kutunaren ondokora joango nauk. Muxu.
Eskerrik asko konpartitzeagatik, eta Zorionak
Besarkada bat, Iñaki , Ermutik
0 Pingbacks