Joan den maiatzean Larrabetzura joan nintzen birritan, hango udalak hitzaldi bi emateko gonbidatuta. Bata gizonezkoentzako zen, zelan zapaltzen gaitu sexismoak gizonok izenekoa; bestea, andreentzakoa, baina zer demontre gertatzen zaie gizonei? mintzagai. Lehenengora ez zen gizon bat ere agertu,

beraz, solasaldia bertan behera utzi genuen. Hurrengo postean egingo dut berba horretaz, hau da, gizonok sexismoaren aurkako lerrora ekarri beharraz eta horretarako zailtasunez. Gaurkoa, andreekikoari eman nahi diot tartetxoa.

Ostegun batean bildu ginen, Anguleri jauregian. Eraikin ederra, bai horixe! Arratsaldeko 7etan eman genion hasiera bilerari eta 9’30etan edo amaitu. Hasteko, kopururari erreperatuta, poza besterik ezin sentitu: bi dozena emakumezko bertaratu ziren. Kontuan izaten badugu, Larrabetzun 2.000 pertsona bizi direla gutxi-asko, kopuru izugarria da. Nire herrian bataz besteko horrek esan nahiko luke 500 andrerekin biltzea. Zorabiatzeko zenbakia da eta Larrabetzuko gizarte bizitasun handia garbi azaltzen duena.

Aipatzeko beste gauza bat da askotarikotasuna, bai adinari, bai nortasunari, bai pentsakerari dagokionez, denetariko emakumeak etorri ziren. Hau pozgarria bezain aberasgarria izan zen niretzat.

Beste alde batetik, oso ondo hartu nindutela esan behar da. Izatez, ez dago inolako motibu objektiburik txarto har nazaten, badakit. Baina aitortu behar dut beldur izaten naizela piskat andreekin halako bilerak egite ditudanean. Alde batetik, bakarrik egoten naizelako ezagutzen ez dudan jendearekin eta tokian; baina, bestetik, ezin ahaztu gizonezkook izaten garela, nagusiki, emakumeak zapaltzeko sexismoak erabiltzen dituen tresnak eta ulergarria dut horrek gizonen aurkako sentimendu gogorrak eragitea emakumeengan.

Larrabetzuko udaletik sexismoa eta berdintasunaren inguruan zerbait egitea proposatu zidaten unetit bertatik pentsatu nuen komenigarria zela bi ekimen ezberdin eta berezko antolatzea, bata gizonezkoentzat eta, bestea, andreentzat; eta bigarren honen xedeak izan behar zuela gizonen errealitatea -edo, behintzat, nire eskarmentu eta bizipenetan oinarrituta gizonen errealitateaz dudan ikuspegia- azaltzea. Izan ere, blog honetan noizbait esplikatu dudanez, gizon eta emakumeen arteko gatazka desaktibatzeko eta sexismoaren aurkako borrokan aurrera egiteko behar-beharrezkoa da andra-gizon aliantza; eta honetarako, elkar ezagutzea ezinbestekoa da. Egun, elkarren ezagutza hori txiki-txikia dela eta topikoak nagusi direla uste dut eta honen faltak balio dezake ulertzen laguntzeko gure arteko istilu eta aditu ezin ugari.

Honela, bada, hitzaldia ideia gutxi batzuetan ardaztu nahi izan nuen, batez ere:

  • Gizonok ere garela zapaltzaile izatez eta edozein gizaki bezalkoxeak garela. Nire iritzian: onberak, goxoak, maitakorrak, adimentsuak, hurbilak, ausartak…
  • Gizonok matxistak izateko eta emakumezkoak zapaltzeko baldintzatu, hezi, bultzatu,… gaituztela eta heziera horren muina tratu txarra sistematikoa dela, alegia, gizonen zapalkuntza.
  • Gizonon ardura sahiestezina dela baldintzamendu sexista eta honen ondorioak desagertzea geure buru eta jokamoldeetatik. Era berean, emakumezkoen gurekiko jarrera ulerberak oso lagungarriak izan daitezkeela, baina  ez dutela inolako obligaziorik honela jokatzeko gurekin, noski.

Hasierako nire berbaldiaren ostean, niretzat garrantzitsuena zen atalerea igaro ginen, alegia, zer jakin nahi zuten gizonei eta gizonon jokabideei buruz. Eta jakinmin handia erakutsi zuten, zergatik ez ditugun agertzen gure sentimenduak, zergatik egiten zaigun hain zaila intimitatea, zergatik ez garen inplikatzen behar bezala etxeko lanetan, zer gertatzen zaigun sexuarekin, futbolarekin, alkohol eta beste droga batzuekin, lanarekin, zergatik gure joera indarkeria erabiltzeko,…

Galdera eta iruzkin zorrotzak egin zituzten Larrabetzuko andreok, purrustada batzuk izan ziren eta tentsio-uneren bat edo beste ere sortu zen; gizonekiko haien kezkak ere agertu ziren hainbatetan. Dena dela ere, orokorrean, giro ederra, partehartzekoa eta begirunetsua izan zen zeharo. Aukera paregabea emakume miresgarriekin partekatzeko ideiak, bizipenak, gurariak, ametsak,… Beste zerbait ere eman zidaten: gizonezkoen egoerari buruz mintzo naizen guztietan bezala, Larrabetzuko andreon ondoan berriro sentitu izan nuen gizonengan dudan maitasun handia eta zirrara -eguneroko martxak zaildu egiten baitit sarritan sentimendu horrekiko lotura-, eta, benetan, halakoa ordaintzeko adina diru ez dago munduan.

Esker on eta gorazarre, bada, Larrabetzuko emakumeei. Eta zuretzat, irakurle, honaino iritsi bazara, besarkada handia eta ondo bizi! merezi duzu-eta.