gizON

bategin dezagun sexismoa ezabatze bidean

Gabonetako jostailuak — 2011/12/24

Gabonetako jostailuak

Aupa lagun maitea,

Gaurkoan Hodei Odria azpeitiarrak youtube-n eskegi duen bideoa dakarkizut, ikus dezagun zein gutxi aldatu diren mezu sexistak jostailuen publizitatean urteetan. Kontuan izaten badugu beste hainbat arlotan umeek (eta elduok, noski) jasotzen duten mezu mordoaren izaera sexista, harritzekoa da oraindik ere pertsona batzuk harritzea umeek txikitatik adierazten duten sexismo barneratuaz.

Bestetik, herritarroi dagokigun ardurari ihesi egin nahirik ez dut, baina, noizko arduratuko da administrazioa gai honetaz eta arautuko? Banago halako iragarki gutxi batzuek askoz ere eragin handiagoa dutela gero haurrek hartuko duten “berdintasunaren aldeko ekintza” andanak baino. Sexismo eta berdintasunaz pairatzen dugun eskizofreniak eta “onkeria politikoak” halako inkoherentziak -eta beste asko- dituzte iturburu.

Eguberri ona izan dezagun eta ea datorrenerako halako gauzez berba egin beharrik ez dugun.

Beno, lagun maitea, besarkada zuretzat, eta ondo bizi! merezi duzu-eta

Aitok eta zaintza konzientea — 2011/11/28

Aitok eta zaintza konzientea

Aupa laguna,

orain zenbait aste ondoko artikulua idatzi nuen guraso.com webgunearentzat. Agian interesgarria izango zaizu. Hala bada, zabaldu dezakezu, nahi baduzu.

Hartzazu besarkada gozoa nire aldetik eta ondo bizi! merezi duzu-eta.

Aita gehienok dugun erronkarik nagusienetakoa hurkoak zaintzen ikastea dela uste osoa dut. Ez dugu dema bakarra noski (hau pentsatu eta etxeko lanen banaketa desorekatua etortzen zait gogora, aurpegia piskat gorritzearekin batera), baina bai garrantzitsuenetakoa. Eta, azken urteotan honetan ere aurrera egin dugula ezin ukatuzkoa bada ere, oraindik nahikoa baztertuta dugula uste dut.

Behin baino gehiagotan aipatu dudanez, gizonezkook, gizarte honetan eta aspaldi luzean, hornitzaile eta basbestaile izateko hezi eta prestatu gaituzte. Badakigunez, lan banaketa sexistaren arabera, zaintza lan gehiena emakumezkoei egokitu zitzaien nonbait eta gizonozkooi hornikuntza eta babes lanak. Ez dakit zehazki noiz ezta zelan jazo zen, teoria askotxo dago honetaz azalpenak ematen saiatu direnak, eta sarritan kontrajarriak gainera. Zelan edo halan, beharbada, noizbait zentzuzkoa izan bide zen halako hornitu/zaindu lan-banaketa gure arbasoentzat, auskalo, edo agian ez zuten irtenbide hoberik aurkitu orduko euren erronkei aurre egiterakoan. Baina argi dago genitalen araberako lan-banaketa honek egun ez duela ez buru ez buztanik; areago, ez die ekartzen ezelako onurarik, ez emakumezkoei, ez gizonezkoei, ez haurrei, ez gizarteari oro har.

(jarraitu irakurtzen)

Besarkadak 2011 —

Besarkadak 2011

Gizon Sarea-k bideo bat plazaratu du Azaroaren 25a izan dela-eta “Besarkadak 2011” izenekoa. Haien hitzetan, “Bideo honen bidez indarkeriaren aurkako keinu bat nonahi eta denon esku dagoen hondar ale txikia, indartsua eta kutsagarria dela erakutsi nahi dugu”.

Besarkada eta ondo bizi, merezi duzu-eta.

Etapa berria blogean — 2011/11/25

Etapa berria blogean

Aupa laguna!

Hilabete batzuk dira blogean idatzi barik nabilela. Asti eskasiak eragina izan du noski; baina, bestalde, blog honen funtzioari buruz eta zein jende multzori zuzendua izan behar duen pentsatzen ibili naiz. Eta orain arteko ezaugarri bat aldatzea erabaki dut.

Hasteko, agian ohartu zara, balizko irakurle hori, ez dudala idatzi “gizon” edo antzeko hitzik hasierako agurrean, eta zuka nabilela, orain artean ez bezala. Izan ere, erabaki dut bloga ez dela izango aurrerantzean gizonezkoentzako soilik, pertsona guztientzako baizik, sexu-identitatea gora-behera.

Lau urte pasatxo dira blog honi hasiera eman niola, gizonezkoena eta gizonezkoentzako blog gisa. Orduko hausnarketa eta esanak baliagarriak zaizkit oraindik ere, oro har. Hala ere, sexismoaz, berdintasunaz, matxismoaz, patriarkatuaz eta abarrekoez gizon baten ikuspegiak gizonezkoei eskaintzea behar-beharrezkotzat jotzen jarraitzen badut ere, esparru hori zabaltzeari oso garrantzitsu deritzot.  Izan ere, lau urteotan bizi izandakoak erakutsi dit pertsonen arteko (sexu bereizketatik haragoko) benetako aliantza begirunez eta berdintasunez sortzea ezinbestekoa dela sexismoari akabera emateko eta, horretarako, gizonezkoek eta emakumezkoek elkar ezagutzea eman beharreko urratsa dela. Nire iritzian, ez dugu-eta benetan elkar ezagutzen; ez dugu-eta jakiten zer dagoen zinez batateren eta bestearen baitan. Eta ezagutza ez horren ondorioetako bat da sarritan ez dugula elkar ulertzen. Hauxe da aldaketaren arrazoi nagusia, beraz.

Etapa berri honetan blog honen beste ezaugarri funtsezkoa ez da aldatuko, baina. Blog honek euskara hutsezkoa izaten jarraituko du. Badakit jakin hedapen handiagoa izateko zelanbaiteko muga dela euskaldunon hizkuntza minoritario minorizatuan idaztea, baina zer egingo diogu ba! euskalduna naiz eta harro nago 🙂 : ahal dela, ez dut nik sendotuko euskaldunok pairatzen dugun zapalkuntza, ezta bestelako zapalkuntzaren akabera ustez azkartzeko ere.

Ongi etorri berriro, beraz, eta gizon, emakumezko edo zarena zarela ere, ondo bizi! merezi duzu-eta.

Aita guraso “koofiziala” edo mito bat baztertu beharra — 2011/06/14

Aita guraso “koofiziala” edo mito bat baztertu beharra

Aupa gizona, aspaldiko!

Ez, ez nauk ahaztu blogaz, oraindik ez, eta oraingo honetan badakarkiat guraso.com  weberako egin berri dudan idazkia, post honen izenburu bertsua duena. Izan ere, uste diat, gero eta sendoago uste ere, aitatasuna dela bide zoragarria gizontasunari heltzeko, edo gizontasun berdintzaleari nahi badugu. Eta aitatasunari heltzeko ahalegin horretan baduk mito bat -alegia, egiaz mozorroturiko gezurra- kalte handia egiten diguna: gizonok ez garela guztiz kapazak haurrak osoro zaintzeko, edo ez behintza emakumezkoak bezain kapazak, eta bigarren mailako rola jokatzea dagokigula guri zaintza lanetan; hau da, “koofiziala” izatea dela gure rola gurasotasunean.

Dena dela, ez nauk hemen luzatuko, lotura honetan daukak eta idazki osoa, bai eta hire iritzia emateko aukera paregabea ere, hala nahi baduk noski.

Ba, horixe, gizona, hartzak besarkada handia nire aldetik eta ondo bizi! merezi duk eta.

Aita izatearen ardura — 2011/03/19

Aita izatearen ardura

Aupa gizon maite hori,aita_02.jpg

hasteko ohiko besarkadatxoa hartzak nire aldetik, eta dena hik nahi duan bidetik ibiliko zaiala nire esperantza.

Martxoaren 19a, aitaren eguna dela diote batzuek, eta egun hori aprobetxatu nahi izan diat gogoeta-sortatxo bat bialtzeko hedabide batzuetara iritzi-artikulu itxuran. Hona daukak heuk ere, agian interesatuko zaik-eta.

Esan gabe zoak, nire oniritzia duala idazkia nahi beste zabaltzeko, eta hari buruzko hire iritzia jasotzea zoragarria litzatekeela.

Hauxe duk dena gaurkoz. Hartzak besarkada handia neure aldetik, eta badakik, ondo bizi! merezi duk-eta.

Irakurtzen jarraitu

Beste bortxaketa bat polizia-etxean, ustez (derragun) — 2011/03/09

Beste bortxaketa bat polizia-etxean, ustez (derragun)

Aupa gizona!

Aurtengo martxoaren 8a atzean utzi diagu b_etxebarriadagoeneko. Manifa ugari, jende asko kalean (batik bat andrazkoak, ohi bezala), aldarri eta salaketa franko. Beharra zagok noski, eta ondo duk.

Hala ere, aurreko egunean, hilaren 7an, berri ikaragarria (nahiz eta ez harrigarria, tamalez) heldua zitzaiguan Madrildik: egun batzuk lehenago espainiar Guardia Civilak atxilo eraman zituzten lau euskal herritarrek torturatu zituztela salatu zuten. Amnesty Internationalel eta NBEk (Nazio Batuen Erakundeak) behin baino gehiago salatu dutenez, sinesgarria duk oso salaketa.

Oraindik larriago, beste batzuetan bezalaxe ere, atxilotuetako batek, Beatriz Etxebarria andrazkoak makila batez bortxatu zutela salatu dik. Berak dioenez, larrugorritan zutela, eserleku batera igo arazi zioten, baselinaz igurtzi bagina eta ipurtzuloa eta makila  sartu diote.Horretaz gain, behin baino gehiagotan arropa erantzi ziotek.

Irakurtzen jarraitu

“Adarrak jarri dizkidate” Ilargipean — 2011/02/21

“Adarrak jarri dizkidate” Ilargipean

Aupa gizona!

Hasteko, hartzak besarkada handia neure partez. Espero diat dena dabilkiala hik nahi duan bidetik. Bestela, badakik, badaukak berbideratzerik ;-D

Pasa den ostiralean, hilaren 18an oso oker ez banabil behintzat, Ilargipean Euskadi Irratiko saioan “Adarrak jarri dizkidate” gaia jorratu zitean. Dani Arizala saioko zuzendariak eskatua zidan ea “adarrak jarri dizkioten eta horretaz berba egiteko prest dagoen” inor ezagutzen nuen. Eta nik baietz, nerau izan naizela halako egoeran, eta prest nengoela.

Danirekin batera, Agurtzane (ez diat abizena gogoan, mekaguen!) izeneko sexologoa izan zuan, eta neu ere bai noski. Behean daukak saioa entzungai.

Arrazoi nagusi bat izan diat gai katramilatsu honetaz nire bizipenak jendaurrean agertzeko, lehenengoz irratsaioan eta gero blog honetan. Izan ere, niretzat erronka handia duk neure burua den bezalaxe azaltzea, neure zailtasunekin, kontraesanekin, sentimendu “deserosoekin”, ahulguneekin… baina, baita neure indarguneak, ikasi ditudan gauzak, eta lortu ditudan garaipenak ere.

Beno, hona duk ba irratsaioa. Espero diat hiretzat interesgarria izatea, eta, badakik, zerbait galdetu edo aporttu nahi baduk, barra librea!

Beno, ba, gizon maitagarri hori, hurrengoa arte eta ondo bizi! merezi-duk eta.

http://www.goear.com/files/external.swf?file=010d64e

Aitatasunaz ETBko “Arratsaldero”-n — 2011/01/11

Aitatasunaz ETBko “Arratsaldero”-n

Aupa gizon maite hori!

Urte berrian ei gabiltzak, eta espero diat hasiera ona eman dioala. Zer asmo, zer amets, zer helburu aurtengorako?

Neure aldetik, aurtengo lehenengo post honetan, orain aste batzuk “arratsaldero” saioan aitatasun “bajaz” (edo lanera ez joateko baimenaz, hobe esanda)egin zidaten elkarrizketatxo laburra dakarkiat, interesgarria dakiakeelakoan.

Bestetik, gaia honetaz nire iritzi gehiagoren berri nahi baduk, guraso.com webguneko aitatasun atalera jotzea duk. Hantxe aurkituko dituk-eta artikulu batzuk.

Bon, gizona, zer idatzi pila eta zertaz hausnartu asko zagok, zalantzarik ez, baina hauxe duk dena gaurkoz.

Hartzak besarkada handia neure aldetik, eta badakik, aurten areago, ondo bizi! merezi duk-eta.

berriro ere — 2010/12/23

berriro ere

Aupa gizon maite hori, tortura1

goibeltxo natorkik gaurkoan…

Berriro ere, atxiloketa politikoak izan ditiagu Euskal Herrian.

Berriro ere, gazte independentisten aurkakoak.

Berriro ere, tratu txar eta tortura salaketak.

Berriro ere, sexu jazarpena, oraingoan bi emakumezkoren aurka.

Berriro ere, isiltasuna, ezaxolakeria eta beste alde baterako begiradak nagusi gure gizarte biolentziaren aurka konprometitu ei honetan.

Berriro ere, estatu egiturak bere benetako aurpegia erakutsi dik, diskurtso hutsal hipokriten gainean.

Hartzak besarkada handia,gizona. Gizabidegaberiaren izpiak ez diezaala estal gizatasun eguzki argitsu eta betierekoa. Eta ondo bizi! merezi duk eta.