gizON

bategin dezagun sexismoa ezabatze bidean

Euskal Gizon Mugimendua: Bagara, Bagabiltz. — 2013/12/04

Euskal Gizon Mugimendua: Bagara, Bagabiltz.

(Resumen en español de este post aparecerá proximamente en http://ikasares.tumblr.com)

Azaroaren 16an sexismoaren aurkako eta berdintasunaren aldeko euskal gizonen topaketa izan genuen Ermuan -Bizkaia-. Aste batzuk pasa dira ordutik, baina uste dut oraindik merezi duela laburki azaltzea zer egin genuen eta zer iritzi nion bilkurari.

Aurrekoan bezala, Zipriztintzen taldeko gizonek egin zigute deia besteei. Hiru bat urte igaroak bide ziren azkeneko topaketa (Zipriztintzenek deitua eta antolatua hura ere bai) egin genuenetik, eta berriro elkartzeko garaia zela otu zitzaien. Ideia ederra, bai horixe! Bihoakie nire esker ona hemendik gizon eder hauei.

talde-3-2cbe2

Hogeita bost bat lagun bildu ginen, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabatik etorrita (Nafarroako eta Iparraldeko anaiekin harreman gutxi antza). Hiruzpalau kenduta, denok talde bateko edo besteko kideak. Adina askotarikoa izan zen, baina gehienak 40-50 urte bitartekoak , eman zidan gehiago ginela heldu gazte baino. Hogeita hamarretik behera bakarra izango zen, eta hirugarren hamarkadan zeudenak hurbilago zeuden berrogei betetzetik hogeita hamar bete izanetik baino. Honetantxe dugu, nire ustetan, gogoetako bat etortzikunerako: gazte jendea zelan engaiatu.

Topaketari dagokionez hiru zati nagusi izan zituen:

  • goizeko 10etatik 1’30ak artekoa, egoeraz eta aurrikuspenez hausnartzen, gehiegi sakondu barik bazen ere;
  • 1’30etatik 2ak arte Macho-maris eskaini ziguten Hipo y Condrias bikoteak, Ziprizitintzen taldeak sustatu eta maskulinotasun eredu hegemonikoa irrigarri uzten duen humorezko ikuskizuna.
  • Bazkaltzen Ermuan geratu ziren dozena pasatxo lagunek bazkalondokoa baliatu zuten  gizon mugimenduaren eta feminismoaren arteko harremanez aritzeko.

Neuk 13’45ean alde egin behar izan nuenez, beraz ikusitakoa besterik ez dizuet kontatuko.

ermua1

Goizeko 10etarako bilerari hasiera eman genion, baina Zipritzintzeneko lagunek 15 min. lehenago ager gintezela eskatua ziguten, elkarrekin gosaldu eta hasierako horma hotzak urtzen hasteko. Primerako ideia. Honela, jendea agertu ahala elkar agurtzeko parada izan genuen, baita ezezagunak piskatxo bat ezagutzeko  eta kontu-kontari aritzeko ere. Egia esan, zumo, kafe eta gailetak laguntza etimagarria izan ziren, aspaldi ikusi gabeko lagunekin eta, are, ezezagunekin elkartzeko orduan sortu ohi diren urduritasun eta lotsa puntuaren gainetik pasatzeko. Hamarretarako prest geunden hasteko.

Topaketari hasiera “ofiziala” emateko Zipriztintzen-eko kide Iñaki eta Brauliok azalpenak eman zizkiguten bileraren zergatiez eta nondik-norakoaz. Helburu xumea jarria zuten: elkarren berri izatea, zein zertan eta zelan ari den, zer balorazio egiten dugun egungo egoeraz, eta halakoak. Nortzuk, non eta zelan gauden, laburbilduta.

Segidan, bildutako 25 bat lagunen aurkezpena egin genuen, bikoteka, bata bestearen berri laburra emanez talde osoari. Horren ostean, lau taldetan banatu (talde bat euskaraz, beste hiru erdaraz) eta gai bana jorratzeariekin genion. Neurean, euskarazkoan, Zarautz taldeko Axi, Pello eta Iñaki, Gasteizko Edu eta bostok egoeraz aritu ginen norberaren iritziak, bizipenak-eta trukatzen.

Taldeetan ordu eta erdi bat emanda gero, denok batu eta taldeetan agertutakoa elkarri azaldu genion, eta eztabaida irekia egin genuen. Ordu bat eta erdiak arte ibili ginen horretan, eta laburregia geratu zitzaigun, betiko lez. Gauza asko agertu ziren, baina ez dut orain zerrenda egingo. Akta bidaltzen digutenean berton azalduko dut.

Azkenean, Macho-maris ikuskizunaren garaia etorri zen eta barre algarari bidea eman genion. Tamalez, erdi parterako edo alde egin behar izan nuen, eta ezin osorik ikusi, ondorioz.

Orain nire iritzia, zer izan nuen gustuko, zer egin zitzaidan zaila, etab.:

Bereziki atsegina da niretzat gizonon arteko giroa. Iritzi, ikuspegi, biografia, bizipen, identitate, edo hizkuntzak  ezberdinak izanda ere, elkar ikusi barik denbora luzea igarota ere, elkar onartzea, errespetatzea eta, esango nuke, maitatzea ere saiatu eta lortzen dugu. Horretarako borondate konzientea jartzen dugulako, horretarako baliabideak sortzen ditugulako eta barneraturiko matxismoa, hein batean gutxienez, landua dugulako. Oso itxaropengarria da niretzat.

Polita izan zen ikustea zelako gogo handia eta grina dugun gure arteko ezagutza, lankidetza eta konplizidadeak handitzeko, baita sexismoa akabatu eta benetako jendarte berdintzalea eta zapalkuntzarik gabea eraikitzeko ere.

Azkeneko honen plasmazio praktiko gisa, Gizon Sarea bultzatzeko eta honelako topaketak maiztasunez egiteko (urtean bitan) hartu genuen erabakia.

Horren haritik, Gizon Ekimeneko kide batzuek hurrengo topaketa Santurtzin antolatzeko egin genuen proposamena, onartu egin zena. Udaberri aldean Santurtzin egingo dugu hurrengo topaketa, goiz eta arratsaldez; eta udazkenekoa Zarautzen.

Maila oso pertsonalean, Gizon Ekimeneko kide guztiok bilerara joatea (eta ni izan ezik, bazkaltzen geratzea) oso betegarria izan zen niretzat. Gauza asko ondo egiten ari garen seinale da, neu ere gauza batzuk ondo egiten ari naizen seinale (utikan umildade faltsukeriazkoa ;D ).

Hainbat gauza zail egin zitzaizkidan, noski. Euskaldunen zapalketa izan zen gogorrenetako bat. Badugu halako asmo bat zapalkuntza hau ezabatzeko, baina ez dira jartzen  horretarako baliabide egokiak; agian, ez dugulako ezagutzen, asmatzen ez dugulako, edo horren kontzientzia garbirik ez dugulako oraindik lortu. Ez da erdaldun elebakarren gaiztakeria edo errua (gizonona ez den bezala emakumeen zapaltzaile rolak jokatzea) baina landu beharreko gaia da. Santurtziko topaketarako ideia batzuk darabilzkit buruan . Ikusiko dugu zelan garatu.ermua_bazkaria

Horri lotuta dago zail samarra egiten zaidan beste kontu bat, alegia, nazio identitateari dagokiona. Mingarria egiten zait ikustea gizon batzuek Espainia dutela erreferentzia nagusia, marko horretako gertaerei begiratzen dietela batik bat edo Euskal erreferentziak subsidiarioak direla haien gogoetetan.

Eta gogorra egin zitzaidan osoko bileran horiek aipatu eta nire bestelako iritzia azaltzea, eta nazio euskaldunari eta euskarari atxikita gaudenak ere bagarela batzuk azaltzea; eta, elkarrekin zerbait egingo badugu, nazio-, identitate- eta hizkuntza-zapalkuntzak desagertze aldera kontzientzia landu eta bitartekoak jarri behar ditugula eskatzea. Izan ere, urduri jartzen bainaiz halakoetan, ardi beltza edo arazo-sortzaile gisa agertzeko beldur. Hala eta guztiz, ausartu nintzen eta pozik. Eta pozago oraindik nire iritzikak ez ziren beste gizonen errespetuarekin. Mila esker, lagunak!

Laburbilduta, topaketaren helburu nagusia aise bete genuela uste dut: berriro bildu eta gure arteko harremanei heldu; elkarrekin aurrera egin nahi dugula berretsi; eta, horretarako, erabakiak hartu. eta hau guztia giro hurbil, goxo eta gogotsuan.

Esan dezakegu, bada, sexismoaren aurkako eta berdintasunaren aldeko euskal gizonen mugimendua badela (oraindik umetxo bada ere) eta badabilela (oraindik moteltxo bada ere).

Beno, ba, hauxe izan da dena oraingoz, lagun hori. Badakizu, zure iritzi, iruzkin, iradokizun eta ekarpenak ondo hartuko ditudala. Ondo izan eta ondo bizi, merezi duzu-eta!  

Tratu Onaren aldeko lantegia Irungo Lakaxita gaztetxearekin — 2012/02/15

Tratu Onaren aldeko lantegia Irungo Lakaxita gaztetxearekin

Kaixo lagun maitea,

joan den larunbatean hasiera eman diogu Tratu Onaren aldeko lantegi sortari Irungo Lakaxita gaztetxean. Iaz hasi nintzen haiekin harremanean, eraso sexista baten inguruan sorturiko gatazka -barnean eta beste erakunde batzuekiko istiluak eragin zituena- kudeatzen laguntzeko. Pozik geratu ziren egin genuen lanarekin eta tratu onaren aldeko zerbait egiteko aukera aztertzekotan geratu ginen. Urtearen amaierako proposamen bat egin nien, haiek onartu eta abian jarria dugu.

Tratu Onaren aldeko ekimen honek Gizon Ekimena elkarteak abian jarri zuenaren ildo filosofiko bereari darraio. Funtsean, pertsonon arteko harreman gizabidezkoak eraikitzea da gakoa, lankidetzan eta berdintasunean oinarrituak, orain nagusi diren lehiakorkeriari eta menperatzeko antsiari muzin eginez;  norberaren ardura eta eginbeharra azpimarratuz; eta elkartasuna eta elkarren apoioa sustatuz. Era berean, tratu onean oinarrituriko harremanek elkarte eta erakundeen funtzionamenduari ekartzen dioten onura ere oso kontuan izatekoa da, nahiz eta arlo hau askotan bazter utzi eta gizartean nagusi diren jarrera kaltegarriak gailendu talde gehienetan.

Izatez, sexismotik haragoko ekimena da Tratu Onaren aldeko hau, nahiz eta sexismoa izan tratu onezko harremanak zailtzen dituen gakoetako bat.

Lehenengo lantegi honetan, eta datozen beste hiruetan erabiliko duguna ere, ibili dugun metodologia partea hartzea eta norberaren inplikazioa ahalik eta handiena zein sakonena izateari begira dago pentsatuta. Izan ere, ez gara mugatzen ariketa intelektuala egitera, geure emozioetan nahiz bizipenei ere tartea eskaintzen diegu-eta. Honetarako, konfiantzako giro ziurra, giro intimo eta kidetasunezkoa, gaitzespen eta erruduntasunik gabea sortzen saiatzen gara, non norberak libreki parte hartzen duen. Oso emankorra izaten da bai taldearentzat bai taldekide bakoitzarentzat.

Beraz, larunbatean  Gaztetxearen Asanbladako zazpi kide eta zortziok -beste bi ezin izan ei ziren etorri- lau lantegiko sorta baten estraineko urratsa egin eman genuen Lakaxitan. Goizeko 10’30etan eta 13’30etan edo amaiera eman genion jardunari. Bi gai nagusi jorratu genituen:

  • Bata, gizakion izatea -jendearen berezko ezaugarriak, potentzialitateak, ahalmenak,…-. Izan ere, jendearen arteko tratu onaz ari bagara, tratu on horiek emaile eta jasotzaile diren pertsonez aritu behar dugu.
  • Bestea, tratu onaren definizio kolektiboa zein indibiduala; alegia, tratu onaren ezaugarriak, zelako baldintzak behar dituen gauzatu ahal izateko,…

Hurrengo lantegietan honako esparrutan arituko gara, besteak beste: jokabide desegokien ezaugarriak eta jatorriak; tratu txarra eta zapalkuntzak -ezaugarriak, antzekotasunak, ezberdintasunak,…-;  norberaren sendotzea tratu txarrik onar ez dezagun, autoestimua, emozioen kudeaketa osasuntsua,…; tratu onean oinarrituriko harremanak eraikitzeko proposamenak– elkar laguntza, harreman kooperatiboak,…-.

Uste dut, bere xumean, jarduera emankorra izango dela tratu onaren aldekoa eta itxaropentsu nago. Beste toki batzuetara zabaltzea ere pentsatzen ari naiz, ikusiko dugu.

Beno, lagun maitea, gaurkoz hauxe da dena. Hartzazu besarkada handi goxoa eta ondo bizi! merezi duzu-eta.

azroaren 25a izan dela-eta, hainbat hedabideetan — 2010/11/29

azroaren 25a izan dela-eta, hainbat hedabideetan

Aupa gizon hori!

Hasteko besarkada handi bana hiretzat, eta nire desiorik onenak ere.

Azaroaren 25a igaro berri duk eta gizarteak zein hedabideak (batez ere, hedabideak) bolo-bolo ibili ditek emakumeenganako indarkeriaren aurkako aldarria. Erreportajeak, datuak,erreportaje gehiago…urteroko komeria.

Hurrengo post baterako utziko diat nazioarteko egun honetaz (eta gainontzeko gehienez ere) dudan iritzia azaltzea. Oraingo honen zioa duk, aurten ere, hainbat hedabide etorri zaizkidala (GIZON EKIMENAkoa naizenez) eta hiri eskaini nahi diat horietan agerturikoa, baliagarria suerta balitzaik ere.

Aurten, ETB1eko “Arratsaldero” magazinea, ETB2ko “Euskadi Directo” (gaztelaniaz), Euskadi Irratiko “Ilargipean” saioa, Onda Vasca (gaztelaniaz), DEIA (gaztelaniaz) eta Busturialdeko Hitzakoak etorri zaizkidak. Hona dituk hurrenez hurren:

“Arratsaldero” 2010-11-25

“Euskadi Directo” 2010-11-25

“Ilargipean” 2010-11-25

http://www.goear.com/files/external.swf?file=18717cf

Onda Vasca 2010-11-24

http://www.goear.com/files/external.swf?file=a0a45c0

DEIA

gizon_ekimena_deia_2010_11_25
http://d1.scribdassets.com/ScribdViewer.swf?document_id=44316488&access_key=key-4stvm3t6a5iaamu3677&page=1&viewMode=list

Busturialdeko Hitzak argitaraturikoa (zerbait argitaratu badu) ez diat lortu oraingoz. Baina orain arteoarekin zer ikusi, entzun eta irakurri nahikorik baduk, eztuk?

Beno, ba, hauxe izan duk dena gaurkoz, gizon maite hori. Eutsi goiari eta ondo bizi! merezi duk-eta.

azaroaren 25aren haritik — 2010/11/23
maha-inguru bi asteon — 2010/11/02

maha-inguru bi asteon

Aupa gizona!langileak

Zelan eman diok hasiera azaro honi? Espero diat heuk nahi bidetik ibiltzea dena.

Neuk jarraitzen diat ikasturte honetako aldaketari haln-holan moldatzen. Gogorra egiten zaidak egunerokoan neska-laguna eta alabarekin fisikoki ezin izatea, baina saiatzen nauk ahalik eta gehien ikasten eta hazten egoera honen ondorioetatik, eta ahal danik eta hoberen bizitzen ere bai, jakina.

Gaurkoan, asteon parte hartuko dudan bi jardueren berri eman nahi diat:

Irakurtzen jarraitu

Goiena telebistako tertulian — 2010/09/29

Goiena telebistako tertulian

Aupa gizona!

Irailaren amaieran gaudek eta ikasturte berriari hasiera emana zioat dagoeneko, aspalditxotik eta apurka. Erronkez, berritasunez, zailgunez, itxaropenez eta aukerez josita zatorkidak ikasturte berria. Nire bidea ari nauk prestatzen eta jorratzen, eta uste diat gauzak oso ezberdinak izango direla niretzat datorren urteko udarako. Ikusiko diagu, ba.

Dena dela, beste kontu batekin natorkik oraingoan. Pasa den asteazkenean, tertulia saio berria eman zuen estrainekoz Goiena Telebista-n, ikasturte hasieraren haritik, eskolaratzeaz eta honen eraginaz sendietan, eskolaz kanpoko ekintzez etab. Hantxe izan ninduan tertuliakide, parte hartzera gonbidatu nindutenez, eta hona ekarri diat tertuliaren grabazioa, guraso.com-etatik hartuta. Ordubeteko saioa duk baina uste diat interesgarria dela eta erraz ikustekoa. Oso ondo tratatu ninduten Goienakoek, eta zur eta lur geratu ninduan ikusita zelako azpiegitura atondu duten Deba Goiena horretan, itzela! Tertuliakideak ere atseginak eta interesgarriak izan zituan, haiengandik asko ikasteko modukoak.Pagotxa, azken finean.

Baina, tira, ez nauk gehiago luzatuko, hona duk bideoa, eta heuk egin hire iritzia.

http://edit.goiena.net/FlowPlayerDark.swf?config=%7BautoPlay%3Atrue%2CautoBuffering%3Afalse%2CplayList%3A%5B%7Burl%3A%27http%3A%2F%2Fedit%2Egoiena%2Enet%2Fbideoak%2Fdestakatuak%2Fguraso%2Dtertulia%2D1%2Fimage%27%2Ctype%3A%27jpg%27%7D%2C%7Burl%3A%27http%3A%2F%2Fwww%2Ebiltegia%2Enet%2Fimg%2Fnet%2Firaila2010%2Fguraso%2Dtertulia%2Dona%2Eflv%27%2CoverlayId%3A%27play%27%7D%5D%2CinitialScale%3A%27scale%27%2CuseNativeFullScreen%3Atrue%2CbaseURL%3A%27http%3A%2F%2Fedit%2Egoiena%2Enet%27%2Cembedded%3Atrue%7D

Zoragarria lizatekek hire iritzia eta ekarpena jasotzea, nahi baduk. Izan ere, gero eta gehiago kitzikatzen naitek aitatasunak eta bere ingurumariek.

Beno, ba, lagun maite hori, oraingoz kitto. Hartzak besarkada handi eta goxoa, eta ondo bizi, merezik duk-eta.

Tratu Onaren aldeko Ekimenak bazarraik — 2010/07/28
Hamaika TBn elkarrizketa tratu onari buruz — 2010/07/14

Hamaika TBn elkarrizketa tratu onari buruz

Aupa gizona!
Hasteko hartzak besarkada goxoa. Espero diat hire inguruan dena ibiltzea nahiz bezain ondo eta onbidean.
Asteartean elkarrizketa egin zidaten Hamaika TBn, Gizon Ekimeneko partaidea naizenez. Hona duk ikusgai:
Bueno gizona hauxe duk dena oraingoz. Gozatu udaz eta ondo bizi, merezi duk-eta!
Jardunaldia Santurtzin — 2010/05/11

Jardunaldia Santurtzin

Aupa gizona!
Santurtziko Berdinguneak “Gizonak eta Emakumeak Berdintasunean” jardunaldia antolatu dik asteburu honetarako. Ekimena ostiraleko arratsaldean eta larunbatean gauzatuko duk, Santurtzin.
Berdingunea Santurtziko Udalak Gizonduz-ekin abiatu duen ekimena duk. Bi hiletan zehar hainbat lantegi egin ditiztek Santurtziko hainbat talderekin. Jardunaldiarekin burutuko ei duk ekimena.
Neu ere gonbidatu naitek parte hartzeko jardunaldian, larunbat goizeko 10etan hasiko den “Gizonak Emakumeenganako Indarkeriaren Aurrean” izeneko mahai-inguruan, hain zuzen ere. Maribel Pizarro gizarte psikologoarekin eta Mila Amurrio UPVko irakaslearekin Iñaki Kasares Santurtziko Udal Euskaltegiko bedela arituko duk, kar, kar.
Nire hitzaldiak “Berdintasunaren aldeko Gizon Mugimenduak Emakumeenganako Indarkeriari Emandako Erantzunak” dik izena eta, batik bat, nire gogoetak eta Gizon Ekimena elkartean egin ditugun hausnarkerta batzuk aurkeztuko ditiat.

Irakurtzen jarraitu

gizon lantegia santurtzin — 2010/05/03

gizon lantegia santurtzin

Aupa gizona!

Berri on batekin natorkik oraingoan: maiatzeko lantegia

GIZON EKIMENAk eta Santurtziko Berdingunea-k antolatu dute lantegia larunbat honetarako. Hona GIZON EKIMENAren oharra:

Aupa laguna!

Hasteko, hartzazu besarada goxoa GIZON EKIMENA osatzen dugunon aldetik, eta onena opa dizugu.

GIZON EKIMENAk eta Santurtziko Berdingunea-k GIZONENTZAKO LANTEGIA antolatu dute hurrengo larubaterako, hilak 8, goizeko 10etatik 14etara. Jorratuko diren gaiak honakoak dira:

– Emakume eta gizonen arteko desberdintasunak: zelan eraiki eta egokitu dizkiguten rolak eta estereotipoak.
– Maskulinitate eredu nagusiaren gaineko azterketa kritikoa eta gizon izateko era berri
ak.

Lantegia gizon guztientzako irekia da, eta doakoa da, baina izena eman behar da aldez aurretik, e-lbide honetara mezua bidaliz edo 605709976 telefonora deituz.

Ekitaldiari ahalik eta zabalkunderik handiena ematea eskertzen dizugu.

Laster arte eta ondo izan.

Jakina hortxe izango naizela, eta gonbita luzatzen diat hiri ere etor hadin, ez zaik damu izango, ez horixe!

Bueno, ba, gizon hori, hartzak besarkada goxoa neure aldetik, eta ondo bizi, merezi duk-eta!