(Resumen en español de este post aparecerá proximamente en http://ikasares.tumblr.com)

Azaroaren 16an sexismoaren aurkako eta berdintasunaren aldeko euskal gizonen topaketa izan genuen Ermuan -Bizkaia-. Aste batzuk pasa dira ordutik, baina uste dut oraindik merezi duela laburki azaltzea zer egin genuen eta zer iritzi nion bilkurari.

Aurrekoan bezala, Zipriztintzen taldeko gizonek egin zigute deia besteei. Hiru bat urte igaroak bide ziren azkeneko topaketa (Zipriztintzenek deitua eta antolatua hura ere bai) egin genuenetik, eta berriro elkartzeko garaia zela otu zitzaien. Ideia ederra, bai horixe! Bihoakie nire esker ona hemendik gizon eder hauei.

talde-3-2cbe2

Hogeita bost bat lagun bildu ginen, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabatik etorrita (Nafarroako eta Iparraldeko anaiekin harreman gutxi antza). Hiruzpalau kenduta, denok talde bateko edo besteko kideak. Adina askotarikoa izan zen, baina gehienak 40-50 urte bitartekoak , eman zidan gehiago ginela heldu gazte baino. Hogeita hamarretik behera bakarra izango zen, eta hirugarren hamarkadan zeudenak hurbilago zeuden berrogei betetzetik hogeita hamar bete izanetik baino. Honetantxe dugu, nire ustetan, gogoetako bat etortzikunerako: gazte jendea zelan engaiatu.

Topaketari dagokionez hiru zati nagusi izan zituen:

  • goizeko 10etatik 1’30ak artekoa, egoeraz eta aurrikuspenez hausnartzen, gehiegi sakondu barik bazen ere;
  • 1’30etatik 2ak arte Macho-maris eskaini ziguten Hipo y Condrias bikoteak, Ziprizitintzen taldeak sustatu eta maskulinotasun eredu hegemonikoa irrigarri uzten duen humorezko ikuskizuna.
  • Bazkaltzen Ermuan geratu ziren dozena pasatxo lagunek bazkalondokoa baliatu zuten  gizon mugimenduaren eta feminismoaren arteko harremanez aritzeko.

Neuk 13’45ean alde egin behar izan nuenez, beraz ikusitakoa besterik ez dizuet kontatuko.

ermua1

Goizeko 10etarako bilerari hasiera eman genion, baina Zipritzintzeneko lagunek 15 min. lehenago ager gintezela eskatua ziguten, elkarrekin gosaldu eta hasierako horma hotzak urtzen hasteko. Primerako ideia. Honela, jendea agertu ahala elkar agurtzeko parada izan genuen, baita ezezagunak piskatxo bat ezagutzeko  eta kontu-kontari aritzeko ere. Egia esan, zumo, kafe eta gailetak laguntza etimagarria izan ziren, aspaldi ikusi gabeko lagunekin eta, are, ezezagunekin elkartzeko orduan sortu ohi diren urduritasun eta lotsa puntuaren gainetik pasatzeko. Hamarretarako prest geunden hasteko.

Topaketari hasiera “ofiziala” emateko Zipriztintzen-eko kide Iñaki eta Brauliok azalpenak eman zizkiguten bileraren zergatiez eta nondik-norakoaz. Helburu xumea jarria zuten: elkarren berri izatea, zein zertan eta zelan ari den, zer balorazio egiten dugun egungo egoeraz, eta halakoak. Nortzuk, non eta zelan gauden, laburbilduta.

Segidan, bildutako 25 bat lagunen aurkezpena egin genuen, bikoteka, bata bestearen berri laburra emanez talde osoari. Horren ostean, lau taldetan banatu (talde bat euskaraz, beste hiru erdaraz) eta gai bana jorratzeariekin genion. Neurean, euskarazkoan, Zarautz taldeko Axi, Pello eta Iñaki, Gasteizko Edu eta bostok egoeraz aritu ginen norberaren iritziak, bizipenak-eta trukatzen.

Taldeetan ordu eta erdi bat emanda gero, denok batu eta taldeetan agertutakoa elkarri azaldu genion, eta eztabaida irekia egin genuen. Ordu bat eta erdiak arte ibili ginen horretan, eta laburregia geratu zitzaigun, betiko lez. Gauza asko agertu ziren, baina ez dut orain zerrenda egingo. Akta bidaltzen digutenean berton azalduko dut.

Azkenean, Macho-maris ikuskizunaren garaia etorri zen eta barre algarari bidea eman genion. Tamalez, erdi parterako edo alde egin behar izan nuen, eta ezin osorik ikusi, ondorioz.

Orain nire iritzia, zer izan nuen gustuko, zer egin zitzaidan zaila, etab.:

Bereziki atsegina da niretzat gizonon arteko giroa. Iritzi, ikuspegi, biografia, bizipen, identitate, edo hizkuntzak  ezberdinak izanda ere, elkar ikusi barik denbora luzea igarota ere, elkar onartzea, errespetatzea eta, esango nuke, maitatzea ere saiatu eta lortzen dugu. Horretarako borondate konzientea jartzen dugulako, horretarako baliabideak sortzen ditugulako eta barneraturiko matxismoa, hein batean gutxienez, landua dugulako. Oso itxaropengarria da niretzat.

Polita izan zen ikustea zelako gogo handia eta grina dugun gure arteko ezagutza, lankidetza eta konplizidadeak handitzeko, baita sexismoa akabatu eta benetako jendarte berdintzalea eta zapalkuntzarik gabea eraikitzeko ere.

Azkeneko honen plasmazio praktiko gisa, Gizon Sarea bultzatzeko eta honelako topaketak maiztasunez egiteko (urtean bitan) hartu genuen erabakia.

Horren haritik, Gizon Ekimeneko kide batzuek hurrengo topaketa Santurtzin antolatzeko egin genuen proposamena, onartu egin zena. Udaberri aldean Santurtzin egingo dugu hurrengo topaketa, goiz eta arratsaldez; eta udazkenekoa Zarautzen.

Maila oso pertsonalean, Gizon Ekimeneko kide guztiok bilerara joatea (eta ni izan ezik, bazkaltzen geratzea) oso betegarria izan zen niretzat. Gauza asko ondo egiten ari garen seinale da, neu ere gauza batzuk ondo egiten ari naizen seinale (utikan umildade faltsukeriazkoa ;D ).

Hainbat gauza zail egin zitzaizkidan, noski. Euskaldunen zapalketa izan zen gogorrenetako bat. Badugu halako asmo bat zapalkuntza hau ezabatzeko, baina ez dira jartzen  horretarako baliabide egokiak; agian, ez dugulako ezagutzen, asmatzen ez dugulako, edo horren kontzientzia garbirik ez dugulako oraindik lortu. Ez da erdaldun elebakarren gaiztakeria edo errua (gizonona ez den bezala emakumeen zapaltzaile rolak jokatzea) baina landu beharreko gaia da. Santurtziko topaketarako ideia batzuk darabilzkit buruan . Ikusiko dugu zelan garatu.ermua_bazkaria

Horri lotuta dago zail samarra egiten zaidan beste kontu bat, alegia, nazio identitateari dagokiona. Mingarria egiten zait ikustea gizon batzuek Espainia dutela erreferentzia nagusia, marko horretako gertaerei begiratzen dietela batik bat edo Euskal erreferentziak subsidiarioak direla haien gogoetetan.

Eta gogorra egin zitzaidan osoko bileran horiek aipatu eta nire bestelako iritzia azaltzea, eta nazio euskaldunari eta euskarari atxikita gaudenak ere bagarela batzuk azaltzea; eta, elkarrekin zerbait egingo badugu, nazio-, identitate- eta hizkuntza-zapalkuntzak desagertze aldera kontzientzia landu eta bitartekoak jarri behar ditugula eskatzea. Izan ere, urduri jartzen bainaiz halakoetan, ardi beltza edo arazo-sortzaile gisa agertzeko beldur. Hala eta guztiz, ausartu nintzen eta pozik. Eta pozago oraindik nire iritzikak ez ziren beste gizonen errespetuarekin. Mila esker, lagunak!

Laburbilduta, topaketaren helburu nagusia aise bete genuela uste dut: berriro bildu eta gure arteko harremanei heldu; elkarrekin aurrera egin nahi dugula berretsi; eta, horretarako, erabakiak hartu. eta hau guztia giro hurbil, goxo eta gogotsuan.

Esan dezakegu, bada, sexismoaren aurkako eta berdintasunaren aldeko euskal gizonen mugimendua badela (oraindik umetxo bada ere) eta badabilela (oraindik moteltxo bada ere).

Beno, ba, hauxe izan da dena oraingoz, lagun hori. Badakizu, zure iritzi, iruzkin, iradokizun eta ekarpenak ondo hartuko ditudala. Ondo izan eta ondo bizi, merezi duzu-eta!  

Advertisements