gizON

bategin dezagun sexismoa ezabatze bidean

Elkarrizketatxoa #Zebrabidea irratsaioan — 2016/12/01

Elkarrizketatxoa #Zebrabidea irratsaioan

Atzo elkarrizketatxoa egin zidaten Zebrabidea irratsaioan, hilero lez. EILAS sindikatuak ikastetxeetan genero indarkeria, berdintasuna eta antzeko balioak lantzeko plazaratutako unitate didaktikoaz aritu ginen.

Hona duzu elkarrizketa osoa entzungai.

Jakina, zure iruzkin eta kritika eraikitzaileak eskertuko ditut bihotzez.

Besarkada eta laster arte

Gizon topaketa irekia indarkeria matxistaz Santurtzin — 2015/11/26

Gizon topaketa irekia indarkeria matxistaz Santurtzin

GIZON EKIMENA elkarteak gizon topaketa irekia antolatu gizonok indarkeria matxista akabatzen laguntzeko dugun eginkizunaz aritzeko. Ondoko oharra argitaratu dute:

Aupa laguna! Azaroaren 25a pasa da, baina indarkeria matxistak badirau, ondo dakizunez. Santurtziko GIZON EKIMENA elkarteko kideok badakigu indarkeria matxista gizonezkoon arazoa dela, batez ere andreek pairatzen dutena. Arazoaren parte gara gizonok, baina soluzioaren parte izan gaitezen nahi dugu guk. Horregatik, gizon topaketa irekia antolatu dugu kolektiboki jorratzeko ondoko gaia: Zer ekarri ahal dugu gizonok indarkeria matxista akabatzeko bidean?. Topaketa Santurtziko Udal Euskaltegian (Barandiaran 12) izango da, azaroaren 30ean, astelehenean, arratsaldeko 7etan. Eta zure ustez merezi badu, gonbidatzen zaitugu parte hartzen (ondo pasako dugu!) edo/eta zure inguruan zabaltzen. Besarkada handia eta eutsi goiari!

¡Aupa, amiga/amigo! El 25N ha pasado, pero la violencia machista continúa, claro. En el grupo de hombres contra el sexismo y por la igualdad GIZON EKIMENA somos conscientes de que la violencia machista es un problema de los hombres que pagais sobre todo las mujeres. Queremos que los varones pasemos de ser parte del problema a ser parte de la solución. Por ello, hemos organizado un encuentro abierto a todos los hombres para tratar el tema: ¿Qué podemos aportar los hombres para acabar con la violencia machista?. El encuentro se realizará en el Euskaltegi Municipal de Santurtzi (Barandiaran 12) el lunes día 30 a las 7 de la tarde. Y si crees que la iniciativa merece la pena, te invitamos a participar y/o difundirla en tu entorno. Un abrazo.EncuentroHombresEuskA4

— 2015/03/19

aita-semeak

Aitaren Eguna ei dena heldu zaigu berriro. Egun seinalatu zale ez naiz, baina gurean badute eragina halako egunek, ezin uka. Beraz, aukera polita dugu aitok geure buruari begiratzeko, baloratzeko, ondo eginak indartu eta hanka motzean gabiltzan horiek zuzentzen saiatzeko. Are gehiago oraingoan, hainbat ahots ari baitira aitek beren seme-alaben zaintzan modu partekatuan esku hartu ahal izatearen alde. Nahiago nuke partekatze hori aldarrikatzea haurrak sortzen diren unetik beretik gauzatzeko eta ez soilik banantze edo/eta dibortzioen osterako, baina tira, hori beste kontu bat da, zaintza partekatuaren inguruko polemika eta hika-mika alegia, eta laster etorriko den artikulurako utziko ditut horren gainean ditudan usteak, zalantzak eta irizpideak.

Beraz, aita bezala geure buruari azterka egiteko abagune egokia da hau. Eta, zelan ez, baita geure burua ulertu, barkatu eta maitatzeko. Ahal dugunik eta hoberen ari gara. Inortxok ere ezingo luke hobeto egin geure ‘zapaten barruan’ balego. Zinez.

Aita izango garela jabetzen garen unetik aita gara eta, nire ustez, betiko izango den harreman bati hasiera ematen diogu. Harreman oro aldakorra da izatez, eta tankera ezberdinak hartzen ditu unean-unean. Denboraren joan-etorrian aldatu egingo da, eboluzionatu, mundu honetako gauza gehienak lez. Hortaz, alferrikakoa da aldatze hori galarazi nahi izatea. Baina lotura horrek, nola edo hala, iraun egingo du bizi garen artean, betierekoa da batek nahi dueno. Beharbada ez da izango norberak nahiko lukeen modukoa, baina izan izango da.

Jakina denez, harremanaren kalitatea egindako “inbertsioaren” araberakoa izango da. Alegia, zenbat maitasun, arreta, dedikazio, babesa, laguntza, denbora, presentzia, errespetu, animo, onarpen, ulerkortasun… handiagoa eskaini umeari, orduan eta atxikitasun estuagoa eta iraunkorragoa izango dugu elkarrekin. Zorionez, inoiz ez da berandu benetako aita edo aita osoa izaten hasteko, gure seme-alabaren adina edozein dela ere has gaitezke josten elkar lotuko gaituen sarea. Hala ere, logikoa denez, zenbat eta lehenago hasi elkar kateatzen gaituen soka orduan eta sendoagoa, aberatsagoa, anitzagoa,… izango da. Ez da oso harritzekoa, ezta?baby-560889_1280

Gure seme-alabekin lotzen gaituen hartu-emana berezia da oso, beste edozein ez bezalakoa, apartekoa. Eta funts bat du, niri iritzian aitatasuna, gurasotasuna oro har, zer den laburbiltzen duena: ematea. Nago, seme-alabekikoa ‘hartu-emana’ ezeze, ‘emana’ soilik ere izan daitekeela, eta badela, hainbatetan. Normalean, gainontzeko harremanak, hartu eta ematekoak dira, edo halakotzat gura ditugu bederen: eman bai, baina jaso ere nahi dugu (sarritan gehiago ‘jaso’ nahi dugu ‘eman’ baino, baina hori beste kupel bateko sagardoa dugu), eta bien desorekak, egiazkoak izanik edo norberak hala susmatuta ere, harremana usteltzea eta, are, apurtzea ere ekartzen du askotan. Seme-alabekikoetan, ordea, errazagoa da honela ez gertatzea. Eman eta eman egin dezake gurasoa denak, hartzeari garrantzi gutxiago emanda.

Honek isla du guraso langintzan, noski. Izan ere, niretzat behintzat, gurasogintzak, funtsean, seme-alaben alde egitea izan behar luke, geure seme-alabek ahalik eta bizitzarik onena eraiki ahal dezaten aldera. Ez da guk nahi genukeen legezko bizimodurik izan behar, ez dagokigu-eta guri erabakia nondik-nora ibiliko diren, eurek hautatzen dutena baizik. Azken finean, gure seme-alabak ez dira “gure”, pertsona oso-osoak dira jaiotzen diren unetik beretik. Ez dira “gu” gazteago bat, ez dute jorratu behar gurasook jorratu nahiko genituzkeen bideak, ezta lortu ere guk lortzeke ditugun gurariak . Beren bidea egin dezaten ahal dugunik eta onenen laguntzea izan beharko luke gure konpromisoak haiekin. Konpromiso horrek, hala ere, modu ezberdin asko har dezake, ez dago molde bakarra gauzak egiteko, ezta aitatasunean ere, eta bizitzak buelta eman dezake, ondo ikasi dugunez.

Aitatasunaren inguruan ere eboluzioa ari da gertatzen: hazten ari da hornitzaile hutsa izan gura ez eta haurren zaintzan eta hazkuntzan engaiatu nahi dugun aiten kopurua, pittinka bada ere. Kalean begiratze hutsa nahikoa da aldaketak badirela jabetzeko. Sistema kapitalista honek, ordea, biziak iraun ahal izateko zaintza eta hazkuntza lanak, eta lanok egiten dituztenen pertsonak, gutxiesten jarraitzen du, eta ondasunak ekoiztea du lehentasunik lehentasunezkotzat (ondasunok gutxiengo baten esku utzita gehiengo zabalaren kaltetan, gainera). Sistema honek bultzatzen du gizonezkoak hornitzaile izaten jarraitzea eta andrazkoak zaintzaile (eta hornitzaile osagarria). Matxismoa du horretarako tresna eraginkorretako bat. Eta, hortaz, gizonok, matxismoa gutxi-asko barneratuta, gurpil zoro horri indar egiten diogu biraka eta biraka jarrai dezan, behin eta berriro birsor dadin.

Estatistikei begiratuz gero, zer ikusiko dugu? Bada, sendia zaintzeko ia-ia beti andreek uzten dituztela soldatapeko lanak; eurek dituztela lanaldiak murriztu; eurak hartu ohi dituztela lan baimenak eta eszedentziak hurkoak zaintzeko; etxeko lanetan eurek ematen dutela askoz denbora gehiago gizonok baino. Alegia, andrazkoek dutela zaintza eta hazkuntza ardura ia dena, eta gizonon kolektiboaren inplikazioa lan hauetan zakurraren putzaren neurrikoa dela ia. Nahiz eta hau irakurtzen ari zareten gizonak inplikatuenetakoak zaretela ziur nagoen, uste dut arestikoa aitortu beharra dugula, ez gure burua erruduntzeko, baizik-eta erantzukizunari heltzeko. Izan ere, zaintza eta hazkuntza lanetan gizonoi -gehien bat, aitei- dagozkigun portzentajeetara heltzea onuragarria izango da denontzat, emakumeentzat, gizonentzat, haurrentzat,… jendarte osoarentzat. Eta ez dezagun ahaz justiziazkoa ere badela.

Hortaz, zer egin dezakegu guk, egoera bidezkotasunera eraman nahi dugunok, aiten eta, orohar, gizonon parte hartze eskasa gizarte mailan handitzeko zaintza eta hazkuntzari dagokienean? Batzuk otu zaizkit erantzukidetza sustatzea helburu:

  • Seme-alaba jaiotzeagatiko (eta adopzioagatiko) lan baimen legez berdinak, besterenezinak, derrigorrezkoak eta %100ean ordainduak galdegitea. Honen eraginetako bat izan daiteke gizonei eta gizarte osoari ikus araztea zaintza eta hazkuntza lanak eta ardurak geuri ere badagozkigula. Espainian PPIINA koordinakundea,  Euskal Herrian, ordea, ez dago honelako eskakizuna bideratzeko ekimenik.  Zergatik ez eratu bada?
  • Aitentzako bilgune autogestionatuak sortzea, zaintza eta hazkuntzako trebetasunak lantzeko eta elkarri laguntza emateko. Trebetasun funtsezkoenetako bat emozioak egokiro kudeatzea da, gizon gehienok emozioen mundutik urrun bizi izan baikara.
  • Aitei begirako politikak eskatzea herri erakundeei, gizonen eta aiten sentsibilizazio, kontzientziazio eta trebakuntzarako. Nori oparitu zioten andrakilarik edo sukaldetxorik txikitan? Zaintza, etxeko lanak eta halakoak gutxiesten eta gaitzesten ikasi dugu gehienok. Ez gara/gaituzte trebatuak zaintzan, beraz orain ikasi beharko dugu.
  • Eta, zelan, egunerokoan, bestelako eredu bat eskaintzea: arduratsua, erantzukidea, berdintzalea eta hasieratik presentea. Gozatuz, gainera.

Bide hauek baliagarriak izan daitezke aitatasuna dagokion mailara igotzeko. Ziur nago hainbat eta hainbat ere erantsi daitezkeena, zuri burura etor dakizkizukeen horiexek hain zuzen. Honela, iritsi egingo gara gure seme-alabek behar eta merezi dituzten moduko aitak izatera. Honela, benetako zaintza eta hazkuntza partekatuaren oinarriak jarriko ditugu. Ez soilik banantzearen ondoan, baizik eta seme-alaba baden unetik. Merezi du, ezta?

(artikulu hau guraso.com-erako nire ohiko kolaborazioari dagokio, bertan ere irakur eta iruzkin dezakezu)

Hazkuntza eta erantzukidetzari buruzko jarduera Gasteizen — 2014/01/08

Hazkuntza eta erantzukidetzari buruzko jarduera Gasteizen

Cartel Encuentros Eus-Cas

Aupa lagun maite hori!

Urte berriari hasiera eman diogu eta zaharra atzean utzi. Dena dela, ohi bezala, urte aldaketak iazko ‘egiteko’ batzuk oraindik amaitu barik harrapatu nau; beraz, bukatu gabe geratutakoak kitatzen nabil oraindik. Horietako bat da oraingo post hau.

Joan den  abenduaren 10ean, Hazkuntza eta Erantzukidetzari buruzko jarduera gidatu nuen Gasteizen. Ekimena Ez:Berdin zentroak eta On:Giz elkarteak antolatua zuten, eta Bikote Harremanetan, Familia Egituran eta Hazkuntzan Berdintasuna Sendotzeko Emakume eta Gizonen Arteko Topaketetako bat zen. Topaketa-sorta ondoko beste hiru jarduerek osatu zuten:

  • Berdintasuna, Maitasuna eta Bikote Harremanak. Urriaren 1ean gauzatua, Xabi Odriozola On:Giz-eko kideak gidatua.
  • Amatasuna eta Eremu Publikoa. Urriaren 22an Nieves Saenz de Camara AMA Arabako Amen Elkarteko kideak gidatua.
  • Aitatasuna eta Zaintza. Azaroaren 12an Edu Portilla eta Diego de Cristobal Ez:Berdin zentroko kideek gidatua.

Jarduera Gasteizko Aldabe Gizarte Etxeko Erabilera Anitzeko Aretoan gauzatu zen. Arratsaldeko 6etan hasi eta 20:15ean amaiera eman genion.

Hamar lagunek hartu genuen parte, sei gizonek eta lau andrazkok. Gehien-gehienak  seme-alaba txiki edo gazteen guraso, eta bikote bat amama-aititak. Partaide kopurua txikia izan zen, bai, eta min piskat egin zidala aitortzen dut. Oraindik ere barruak esaten dit kopuru handiak hobe direla -eta beharrezkoak-, nahiz eta buruak gero eta garbiago esaten didan ez dela honela beti eta nahitaez. Areago, sarritan, kopuru txikiagoak askoz ere eraginkorragoak izaten dira konfiantza, hurkotasuna eta, ondorioz, parte hartzea bilatzen dugunean. Eta honelako ekimenen helburu nagusia kontuan izanda, hauek funtsezkoak ditugu.

Edozelan ere, nago kopuru txikien kontu honek  zer hausnartua ekarri beharko ligukeela, batez ere  deialdiak zelan eta zein bidez egiten ditugun, uste baitut gaia erakargarria eta interesgarria dela jende askorentzat.

Jardueraren metodologiak, ohiko lez, elkarrekin eragiteko pentsatua zegoen, alegia, auto gogoeta bultzatzea eta partekatzea ziren helburu nagusiak, nork bere egunerokoan egoki iritzitako aldaketak eta hobekuntzak diseinatu aldera. Jende gehiagorentzako prestatua nuen hasieran, baina nahikoa malgu izan ginen bertako egoera egokitzeko.

Hazkuntzarekin hasi ginen. Honetan, hazkuntzaren garrantziari begiratu genion, eta bai gizartearentzat bai norbanakoarentzat jarduera oinarrizkoa dela adostu. Hazkuntzak dituen alde positiboez aritu ginen, besteak beste, pertsonoi aukera ematen digula maitasun harreman sakona josteko beste gizaki batekin; normalean besteekin izaten ez dugun konexio handia lortzeko  aukera ematen digula; hari esker, pertsona baten garapenaren lekuko zuzena izan gaitezkeela; haurren edertasunaz, garbitasunaz, zintzotasunaz, bizipozaz, kemenaz,… gozatzeko parada ematen digula; eta aspaldian, gure sozializazio prozesuan, “ahaztu” genituen (‘arazi ziguten’ egokiago segurki)  haurtzaroko tasun hauek berrikasi ditzakegula hari esker.

Gero, hazkuntzan, guraso eta, oro har, haurren tutoreek izaten ditugun  zailtasunei ere begiratu genien, nork bere bizipenetatik abiatuta. Alor honetan ikusi genuen zailtasunak ere handiak direla eta gurasoen bizimodua askotan gogor samarra dela. Hazkuntza egokia garatzeko oztopo estruktural eta pertsonalei begi eman genien.

Egitura sozialari dagozkionen artean, egungo sistema sozioekonomikoan hazkuntza gutxietsita dagoela aipatu genuen, eta jarduera pribatutzat hartzeak ez diola mesederik egiten; ez zaiola eskaintzen beharrezko baliabide materialik (laguntzak, lan baimenak, lan malgutasuna…) eta apoio sozialak ere eskasten direla balio hedonista, inmediatista eta indibidualistak nagusitzen diren heinean.

Zailtasun pertsonalei dagozkienez, lan handi-handia dela hazkuntza, egunerokoa,“oporrik” bakoa, aipatzen genuen; oso estresantea dela; gurasoak erabakiak hartu behar ditugula etengabe patxadaz pentsatzeko betarik gabe; barruan “lotan”-edo dauzkagun hainbat eta hainbat emozio (etsipena, ezintasuna, beldurra, tristura, zaputza, erruduntasuna…) pil-pilean jartzen zaizkigula; eta, honi eransten zaiola nork bere “motxilan” aurretiaz zekartzan “harrien” zama (sexismoa, autoritarismorako joera, etsipena, isolamendua, menpekotasuna,…), hauek zaildu egiten digute-eta nahi genukeen bezalako gurasoak izatea.

Egungo soldapeko lan munduaren antolaketa eta hazkuntzaren arteko talkaz eta hau kudeatzeko norberaren dudez ere hitz egin genuen. Zelan egin hazkuntzari dagokion arreta eta denbora emateko lan molde zurrunari estuki lotuta bagaude? Norberaren baloreaz landu eta aldatzeaz egin genuen berba; nork bere buruari zintzo eta ausart begiratu eta lehentasunak erabaki beharra duela; diru gutxiagorekin bizirik ere seme-alabekiko harreman osoagoak ematen duen gogobetetasuna goraipatzen zen; baina beti ere gogoeta norberak egin beharra duela, nork bere egoeraren arabera, eta erabakitakoaren gaineko erantzunkizuna hartu.

Honetaz, laguntza instituzionalak ez-nahikoak direla esaten zen argi eta garbi, baina, baita ere, nork bere inguruan eraiki behar duela laguntza-sarea, lagunekin, senideekin, beste gurasoekin, etab. Mikrokomunitateen beharra azpaimarratu zen.

Gurasoon zailtasunen aldetik, formakuntza eskasa dugula aipatzen zen. Egungo egoerari egokituta ez dauden iraganeko erreferentziek (gure aurrekoenek, hin zuzen) ez dutela guztiz balio eta ezgai sentitzen garela. Baten batek aipatu zuen txantxetan-edo ‘gurasotzarako ikastaro’ bat ez ote dugun behar.

Une horretan ariketa bat egin genuen: bikotean, txandaka, eta elkarri jarduna eten arazi barik, batak besteari kontatzea zer egiten duen ondo guraso bezala. Ariketaren helburua nork bere buruari begiratu eta guraso lanetan gauza asko eta asko -gehienak ere bai- ondo egiten dugula ohar gintetzen izan zen, eta horren kontzientzia hartzen laguntzea.

Hortik, erantzukidetasunera igaro ginen, nahiz eta, gai biak lotu-lotuta daudenez, bigarren gai hau behin baino gehiago agertua zen lehenengoa jarratzean ere. Hortaz hasi ginen aipatzen egun ez dagoela benetako erantzukidetasunik, edo oso-oso minoritorioa dela, andrazkoek jarraitzen baitute izaten zaintza- eta hazkuntza-lanez arduratzen direnak, eta alde handiz gainera.corresp2

Aurrekoan bezala, antolakuntza sozioekonomikoak erantzukidetza zaildu egiten zuela esan genuen, eta adibide batzuk agertu ziren: jaiotza edo adopzioagatiko lan-baimenen ezberdintasunak; gizon eta andrazkoen soldaten arteko ezberdintasunak; lan banaketa sexista, zeinean emakumeak diren zaintza lanetan aritzen direnak; zenbait pizgarri etxekoen zaintzaz arduratzen direnentzat, emakumeak lan mundutik ateratzea bultzatzen baitituzte; eta egungo antolamendu sozialaren helburu nagusia irabazi ekonomikoa izatea, gizartearen onuraren gainetik ere.

Maila pertsonalean ere zer aldatu franko dago oraindik. Gizonok, oro har, ez ditugu geure egin zaintza eta hazkuntza. Azken urteotako hobekuntzatxoak gora-behera, balore matxistek iraun badiraute tinko gizon gehien-gehienengan, eta honek erantzukidetzaren garapen eskasarekin zer ikusi zuzena du, zaintza lanak emakumezkoentzat ikusten baititugu, eta dagokigun ardurari muzin egiten diogu.

Bileran zeuden gizonak erantzukidetzarekiko jarrera positiboa zutenez, beren egunerokoan zituzten arazoez aritu ginen. Bata, oso nabarmena, erreferentziarik eza zen (ez dakit zelan egin, ez didate inoiz erakutsi, ez nago entrenatuta…) eta, horren ondorioz, txarto egiteko beldurra. Horretaz gain, ingurukoen (lankide, lagun, senideen) presioa ere aipatzen zen, lanaldia murriztu edo hazkuntzari lehentasuna ematea ebatzia zuten gizonei apoioa eman baino gehiago erabakiaren zuzentasuna kolokan jartzen zietela. Aipaturiko beste zailtasun bat andreekin batzuetan sorturiko espazio-gatazka izan zen, alegia, emakume batzuei gogor egiten zaiela hazkuntza ardura gizonen esku uztea, hauek txarto egingo dutelakoan, edo beren betiko espazioa eta protagonismo-gunea galtzeko uzkur.

Azkenik, erantzukidetzaren beharra eta onura gizonen artean zabaltzeari buruz jardun genuen. Zelan egin? Nork bere esperiantziak eta zailtasunak partekatu genituen honetan. Gizonei begirako politiken beharra aipatu zen, alde batetik; baina, bestetik, nork bere inguruko gizonekin egin beharrekoa ere, hots, eredua eskaintzea, eta uko egitea ezbaika lehiatzeari edo “konbenzitzeari”, etab. Honetan izaten ditugun zailtasunez eta zaputzez aritu ginen. Adimenaz jokatu beharra dugula aipatzen zen, norekin, noiz eta nola egin, pertsonal mailako harremanen garrantzia azpimarratuta, eta “sakrifizio” joera zentzugabeak bazter utzia.

Erantzukidetzaren inguruan sendi barruan izaten ditugun korapiloak zelan askatu eta gatazka ohikoenak zelan kudeatu ezin izan genuen jorratu denbora faltagatik. Izan ere, 20:00etan amaitzekoa zen bilera, 15min. geroago eten arazi behar izan genuen derrigor, nahiz eta oraindik parte hartze oparo eta gogotsua izan.

Jarduerari amaiera emateko, norberak arratsaldean ikasitako, gogoko izandako  edo interesgarritzat hartutako  zerbait adierazteko txanda pasa egin genuen.

Laburbilduz, saio polita eta atsegina izan zen, parte hartze handikoa eta gizon-emakumeen arteko lankidetza eraikitzeko eredugarria. Izan ere, desadostasunak eta ikuspegi ezberdinak hainbatetan agertu baziren ere -ezin bestela izan-, errepetuzko giro erlaxatu eta atsegina sortu genuen, denok zerbait ikasteko modua ahalbidetu zuena.

Beno, ba hauxe izan da dena oraingoz, lagun hori. Hartzazu besarkada handi-goxoa nire partez eta ondo bizi, merezi duzu-eta!

Euskal Gizon Mugimendua: Bagara, Bagabiltz. — 2013/12/04

Euskal Gizon Mugimendua: Bagara, Bagabiltz.

(Resumen en español de este post aparecerá proximamente en http://ikasares.tumblr.com)

Azaroaren 16an sexismoaren aurkako eta berdintasunaren aldeko euskal gizonen topaketa izan genuen Ermuan -Bizkaia-. Aste batzuk pasa dira ordutik, baina uste dut oraindik merezi duela laburki azaltzea zer egin genuen eta zer iritzi nion bilkurari.

Aurrekoan bezala, Zipriztintzen taldeko gizonek egin zigute deia besteei. Hiru bat urte igaroak bide ziren azkeneko topaketa (Zipriztintzenek deitua eta antolatua hura ere bai) egin genuenetik, eta berriro elkartzeko garaia zela otu zitzaien. Ideia ederra, bai horixe! Bihoakie nire esker ona hemendik gizon eder hauei.

talde-3-2cbe2

Hogeita bost bat lagun bildu ginen, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabatik etorrita (Nafarroako eta Iparraldeko anaiekin harreman gutxi antza). Hiruzpalau kenduta, denok talde bateko edo besteko kideak. Adina askotarikoa izan zen, baina gehienak 40-50 urte bitartekoak , eman zidan gehiago ginela heldu gazte baino. Hogeita hamarretik behera bakarra izango zen, eta hirugarren hamarkadan zeudenak hurbilago zeuden berrogei betetzetik hogeita hamar bete izanetik baino. Honetantxe dugu, nire ustetan, gogoetako bat etortzikunerako: gazte jendea zelan engaiatu.

Topaketari dagokionez hiru zati nagusi izan zituen:

  • goizeko 10etatik 1’30ak artekoa, egoeraz eta aurrikuspenez hausnartzen, gehiegi sakondu barik bazen ere;
  • 1’30etatik 2ak arte Macho-maris eskaini ziguten Hipo y Condrias bikoteak, Ziprizitintzen taldeak sustatu eta maskulinotasun eredu hegemonikoa irrigarri uzten duen humorezko ikuskizuna.
  • Bazkaltzen Ermuan geratu ziren dozena pasatxo lagunek bazkalondokoa baliatu zuten  gizon mugimenduaren eta feminismoaren arteko harremanez aritzeko.

Neuk 13’45ean alde egin behar izan nuenez, beraz ikusitakoa besterik ez dizuet kontatuko.

ermua1

Goizeko 10etarako bilerari hasiera eman genion, baina Zipritzintzeneko lagunek 15 min. lehenago ager gintezela eskatua ziguten, elkarrekin gosaldu eta hasierako horma hotzak urtzen hasteko. Primerako ideia. Honela, jendea agertu ahala elkar agurtzeko parada izan genuen, baita ezezagunak piskatxo bat ezagutzeko  eta kontu-kontari aritzeko ere. Egia esan, zumo, kafe eta gailetak laguntza etimagarria izan ziren, aspaldi ikusi gabeko lagunekin eta, are, ezezagunekin elkartzeko orduan sortu ohi diren urduritasun eta lotsa puntuaren gainetik pasatzeko. Hamarretarako prest geunden hasteko.

Topaketari hasiera “ofiziala” emateko Zipriztintzen-eko kide Iñaki eta Brauliok azalpenak eman zizkiguten bileraren zergatiez eta nondik-norakoaz. Helburu xumea jarria zuten: elkarren berri izatea, zein zertan eta zelan ari den, zer balorazio egiten dugun egungo egoeraz, eta halakoak. Nortzuk, non eta zelan gauden, laburbilduta.

Segidan, bildutako 25 bat lagunen aurkezpena egin genuen, bikoteka, bata bestearen berri laburra emanez talde osoari. Horren ostean, lau taldetan banatu (talde bat euskaraz, beste hiru erdaraz) eta gai bana jorratzeariekin genion. Neurean, euskarazkoan, Zarautz taldeko Axi, Pello eta Iñaki, Gasteizko Edu eta bostok egoeraz aritu ginen norberaren iritziak, bizipenak-eta trukatzen.

Taldeetan ordu eta erdi bat emanda gero, denok batu eta taldeetan agertutakoa elkarri azaldu genion, eta eztabaida irekia egin genuen. Ordu bat eta erdiak arte ibili ginen horretan, eta laburregia geratu zitzaigun, betiko lez. Gauza asko agertu ziren, baina ez dut orain zerrenda egingo. Akta bidaltzen digutenean berton azalduko dut.

Azkenean, Macho-maris ikuskizunaren garaia etorri zen eta barre algarari bidea eman genion. Tamalez, erdi parterako edo alde egin behar izan nuen, eta ezin osorik ikusi, ondorioz.

Orain nire iritzia, zer izan nuen gustuko, zer egin zitzaidan zaila, etab.:

Bereziki atsegina da niretzat gizonon arteko giroa. Iritzi, ikuspegi, biografia, bizipen, identitate, edo hizkuntzak  ezberdinak izanda ere, elkar ikusi barik denbora luzea igarota ere, elkar onartzea, errespetatzea eta, esango nuke, maitatzea ere saiatu eta lortzen dugu. Horretarako borondate konzientea jartzen dugulako, horretarako baliabideak sortzen ditugulako eta barneraturiko matxismoa, hein batean gutxienez, landua dugulako. Oso itxaropengarria da niretzat.

Polita izan zen ikustea zelako gogo handia eta grina dugun gure arteko ezagutza, lankidetza eta konplizidadeak handitzeko, baita sexismoa akabatu eta benetako jendarte berdintzalea eta zapalkuntzarik gabea eraikitzeko ere.

Azkeneko honen plasmazio praktiko gisa, Gizon Sarea bultzatzeko eta honelako topaketak maiztasunez egiteko (urtean bitan) hartu genuen erabakia.

Horren haritik, Gizon Ekimeneko kide batzuek hurrengo topaketa Santurtzin antolatzeko egin genuen proposamena, onartu egin zena. Udaberri aldean Santurtzin egingo dugu hurrengo topaketa, goiz eta arratsaldez; eta udazkenekoa Zarautzen.

Maila oso pertsonalean, Gizon Ekimeneko kide guztiok bilerara joatea (eta ni izan ezik, bazkaltzen geratzea) oso betegarria izan zen niretzat. Gauza asko ondo egiten ari garen seinale da, neu ere gauza batzuk ondo egiten ari naizen seinale (utikan umildade faltsukeriazkoa ;D ).

Hainbat gauza zail egin zitzaizkidan, noski. Euskaldunen zapalketa izan zen gogorrenetako bat. Badugu halako asmo bat zapalkuntza hau ezabatzeko, baina ez dira jartzen  horretarako baliabide egokiak; agian, ez dugulako ezagutzen, asmatzen ez dugulako, edo horren kontzientzia garbirik ez dugulako oraindik lortu. Ez da erdaldun elebakarren gaiztakeria edo errua (gizonona ez den bezala emakumeen zapaltzaile rolak jokatzea) baina landu beharreko gaia da. Santurtziko topaketarako ideia batzuk darabilzkit buruan . Ikusiko dugu zelan garatu.ermua_bazkaria

Horri lotuta dago zail samarra egiten zaidan beste kontu bat, alegia, nazio identitateari dagokiona. Mingarria egiten zait ikustea gizon batzuek Espainia dutela erreferentzia nagusia, marko horretako gertaerei begiratzen dietela batik bat edo Euskal erreferentziak subsidiarioak direla haien gogoetetan.

Eta gogorra egin zitzaidan osoko bileran horiek aipatu eta nire bestelako iritzia azaltzea, eta nazio euskaldunari eta euskarari atxikita gaudenak ere bagarela batzuk azaltzea; eta, elkarrekin zerbait egingo badugu, nazio-, identitate- eta hizkuntza-zapalkuntzak desagertze aldera kontzientzia landu eta bitartekoak jarri behar ditugula eskatzea. Izan ere, urduri jartzen bainaiz halakoetan, ardi beltza edo arazo-sortzaile gisa agertzeko beldur. Hala eta guztiz, ausartu nintzen eta pozik. Eta pozago oraindik nire iritzikak ez ziren beste gizonen errespetuarekin. Mila esker, lagunak!

Laburbilduta, topaketaren helburu nagusia aise bete genuela uste dut: berriro bildu eta gure arteko harremanei heldu; elkarrekin aurrera egin nahi dugula berretsi; eta, horretarako, erabakiak hartu. eta hau guztia giro hurbil, goxo eta gogotsuan.

Esan dezakegu, bada, sexismoaren aurkako eta berdintasunaren aldeko euskal gizonen mugimendua badela (oraindik umetxo bada ere) eta badabilela (oraindik moteltxo bada ere).

Beno, ba, hauxe izan da dena oraingoz, lagun hori. Badakizu, zure iritzi, iruzkin, iradokizun eta ekarpenak ondo hartuko ditudala. Ondo izan eta ondo bizi, merezi duzu-eta!  

Larrabetzuko andreekin berbetan — 2012/06/13

Larrabetzuko andreekin berbetan

Joan den maiatzean Larrabetzura joan nintzen birritan, hango udalak hitzaldi bi emateko gonbidatuta. Bata gizonezkoentzako zen, zelan zapaltzen gaitu sexismoak gizonok izenekoa; bestea, andreentzakoa, baina zer demontre gertatzen zaie gizonei? mintzagai. Lehenengora ez zen gizon bat ere agertu,

beraz, solasaldia bertan behera utzi genuen. Hurrengo postean egingo dut berba horretaz, hau da, gizonok sexismoaren aurkako lerrora ekarri beharraz eta horretarako zailtasunez. Gaurkoa, andreekikoari eman nahi diot tartetxoa.

Ostegun batean bildu ginen, Anguleri jauregian. Eraikin ederra, bai horixe! Arratsaldeko 7etan eman genion hasiera bilerari eta 9’30etan edo amaitu. Hasteko, kopururari erreperatuta, poza besterik ezin sentitu: bi dozena emakumezko bertaratu ziren. Kontuan izaten badugu, Larrabetzun 2.000 pertsona bizi direla gutxi-asko, kopuru izugarria da. Nire herrian bataz besteko horrek esan nahiko luke 500 andrerekin biltzea. Zorabiatzeko zenbakia da eta Larrabetzuko gizarte bizitasun handia garbi azaltzen duena.

Aipatzeko beste gauza bat da askotarikotasuna, bai adinari, bai nortasunari, bai pentsakerari dagokionez, denetariko emakumeak etorri ziren. Hau pozgarria bezain aberasgarria izan zen niretzat.

Beste alde batetik, oso ondo hartu nindutela esan behar da. Izatez, ez dago inolako motibu objektiburik txarto har nazaten, badakit. Baina aitortu behar dut beldur izaten naizela piskat andreekin halako bilerak egite ditudanean. Alde batetik, bakarrik egoten naizelako ezagutzen ez dudan jendearekin eta tokian; baina, bestetik, ezin ahaztu gizonezkook izaten garela, nagusiki, emakumeak zapaltzeko sexismoak erabiltzen dituen tresnak eta ulergarria dut horrek gizonen aurkako sentimendu gogorrak eragitea emakumeengan.

Larrabetzuko udaletik sexismoa eta berdintasunaren inguruan zerbait egitea proposatu zidaten unetit bertatik pentsatu nuen komenigarria zela bi ekimen ezberdin eta berezko antolatzea, bata gizonezkoentzat eta, bestea, andreentzat; eta bigarren honen xedeak izan behar zuela gizonen errealitatea -edo, behintzat, nire eskarmentu eta bizipenetan oinarrituta gizonen errealitateaz dudan ikuspegia- azaltzea. Izan ere, blog honetan noizbait esplikatu dudanez, gizon eta emakumeen arteko gatazka desaktibatzeko eta sexismoaren aurkako borrokan aurrera egiteko behar-beharrezkoa da andra-gizon aliantza; eta honetarako, elkar ezagutzea ezinbestekoa da. Egun, elkarren ezagutza hori txiki-txikia dela eta topikoak nagusi direla uste dut eta honen faltak balio dezake ulertzen laguntzeko gure arteko istilu eta aditu ezin ugari.

Honela, bada, hitzaldia ideia gutxi batzuetan ardaztu nahi izan nuen, batez ere:

  • Gizonok ere garela zapaltzaile izatez eta edozein gizaki bezalkoxeak garela. Nire iritzian: onberak, goxoak, maitakorrak, adimentsuak, hurbilak, ausartak…
  • Gizonok matxistak izateko eta emakumezkoak zapaltzeko baldintzatu, hezi, bultzatu,… gaituztela eta heziera horren muina tratu txarra sistematikoa dela, alegia, gizonen zapalkuntza.
  • Gizonon ardura sahiestezina dela baldintzamendu sexista eta honen ondorioak desagertzea geure buru eta jokamoldeetatik. Era berean, emakumezkoen gurekiko jarrera ulerberak oso lagungarriak izan daitezkeela, baina  ez dutela inolako obligaziorik honela jokatzeko gurekin, noski.

Hasierako nire berbaldiaren ostean, niretzat garrantzitsuena zen atalerea igaro ginen, alegia, zer jakin nahi zuten gizonei eta gizonon jokabideei buruz. Eta jakinmin handia erakutsi zuten, zergatik ez ditugun agertzen gure sentimenduak, zergatik egiten zaigun hain zaila intimitatea, zergatik ez garen inplikatzen behar bezala etxeko lanetan, zer gertatzen zaigun sexuarekin, futbolarekin, alkohol eta beste droga batzuekin, lanarekin, zergatik gure joera indarkeria erabiltzeko,…

Galdera eta iruzkin zorrotzak egin zituzten Larrabetzuko andreok, purrustada batzuk izan ziren eta tentsio-uneren bat edo beste ere sortu zen; gizonekiko haien kezkak ere agertu ziren hainbatetan. Dena dela ere, orokorrean, giro ederra, partehartzekoa eta begirunetsua izan zen zeharo. Aukera paregabea emakume miresgarriekin partekatzeko ideiak, bizipenak, gurariak, ametsak,… Beste zerbait ere eman zidaten: gizonezkoen egoerari buruz mintzo naizen guztietan bezala, Larrabetzuko andreon ondoan berriro sentitu izan nuen gizonengan dudan maitasun handia eta zirrara -eguneroko martxak zaildu egiten baitit sarritan sentimendu horrekiko lotura-, eta, benetan, halakoa ordaintzeko adina diru ez dago munduan.

Esker on eta gorazarre, bada, Larrabetzuko emakumeei. Eta zuretzat, irakurle, honaino iritsi bazara, besarkada handia eta ondo bizi! merezi duzu-eta.

Zer dago berdintasunerako politiken azpian? Oscar Guasch-en iritzia — 2012/05/14

Zer dago berdintasunerako politiken azpian? Oscar Guasch-en iritzia

Aupa lagun maite hori!

Zer dago Berdintasunerako Politiken azpian? Halako gai mamitsuari ekin zion Oscar Guasch gizarte-ikertzaile kataluniarrak 2005ean, Berdintasunerako Politikei eta Genero mainstreaming-i buruzko II. Jardunaldiaren barruan. Eta labur eta zehatz erantzun ere. Bere esanean, “eskerronez, errespetuz, ideologiaz eta kritikaz”. Eta ausart, gehituko nuke, zeren bere iritzia ez da gehien entzuten direnen harikoa; izan ere, ez da maiz aipatzen, ezta gizon mugimenduaren aldetik ere, jendarte honetan gizonezkook, den-denok, diskriminazioa eta genero bortizkeria pairatzen dugula, gizonezko izateagatik. Eta horren adibide gutxi baina esanguratsu batzuk eman zituen orduko hartan. Geroago, , luzeago eta sakonago jardun zuen Héroes, cientícos, heterosexuales y gays. Los hombres en perspectiva de género liburuan (2006), den-denoi irakurtzea gomendatzen diedana eta gizontasunaz irakurri dudan lanik osatuenetakoa niretzat.

Ez naiz gehiago luzatuko eta, besterik gabe, Guasch-en testua irakurtzen utziko dizut. Besarkada handi bata zuretzat, lagun maitea, eta ondo bizi, merezi duzu-eta!
Oscar Guasch_Que Hay Bajo Las Politicas de Igualdadhttp://www.scribd.com/embeds/93466770/content?start_page=1&view_mode=list&access_key=key-xujrshbg2riav27ad99

Zaintza Partekatuaz Ondarroan — 2012/03/21

Zaintza Partekatuaz Ondarroan

Aupa lagun maite hori,

Ostiral honetan, hilaren 23an, arratsaldeko 7’30etan,

Ondarroako  Guzur Etxeko hitzaldi aretoan hitzaldia emango dut zaintza partekatua mintzagai hartuta. Bolo-bolo dabilen gaia da hau, konplexua, mamitsua eta polemikoa ere bai. Ondarroako Gixon Taldeak antolaturiko Aitatasunari II Jardunaldien barnean da hitzaldia. Izugarri polita izango litzateke zu ikustea bertan, eta zure inguruan zabaltzen baduzu informazioa, eskerrik asko!

Hurrengo ostiralean, hilaren 30ean, Josu Eizagirrek izeneko film laburra emango dute. Filma ikusita gero solasaldia izango da egilearekin.

Hauxe da dena gaurkoz. Harzatzu besarkada handia nire aldetik eta ondo bizi! merezi duzu-eta.

Santurtziko Lantegi-Eskolako mutilekin — 2012/03/20

Santurtziko Lantegi-Eskolako mutilekin

Aupa lagun maite hori!

Martxoaren 12an eta 13an Santurtziko Serantes mendiko gotorlekua biziberritze lanetan dabilen Lantegi Eskolako mutilei bi saio eman nizkien generoari, sexismoari, berdintasunari eta gizontasun ereduei buruz. Orain hilebete batzuk Lantegi-Eskolako arduradunek adierazi zidaten beren kurrikulumaren barruan generoaren gainean aritzeko tartea zutela eta eskatu zidaten neuk hartzea gaiaren ardura. Gonbitea ontzat hartu nuen eta bi saioko modulotxoa egitea proposatu nien. Joan den asteon burutu ditugunak, hain zuzen.

Irakurtzen jarraitu

Tratu Onaren aldeko lantegia Irungo Lakaxita gaztetxearekin — 2012/02/15

Tratu Onaren aldeko lantegia Irungo Lakaxita gaztetxearekin

Kaixo lagun maitea,

joan den larunbatean hasiera eman diogu Tratu Onaren aldeko lantegi sortari Irungo Lakaxita gaztetxean. Iaz hasi nintzen haiekin harremanean, eraso sexista baten inguruan sorturiko gatazka -barnean eta beste erakunde batzuekiko istiluak eragin zituena- kudeatzen laguntzeko. Pozik geratu ziren egin genuen lanarekin eta tratu onaren aldeko zerbait egiteko aukera aztertzekotan geratu ginen. Urtearen amaierako proposamen bat egin nien, haiek onartu eta abian jarria dugu.

Tratu Onaren aldeko ekimen honek Gizon Ekimena elkarteak abian jarri zuenaren ildo filosofiko bereari darraio. Funtsean, pertsonon arteko harreman gizabidezkoak eraikitzea da gakoa, lankidetzan eta berdintasunean oinarrituak, orain nagusi diren lehiakorkeriari eta menperatzeko antsiari muzin eginez;  norberaren ardura eta eginbeharra azpimarratuz; eta elkartasuna eta elkarren apoioa sustatuz. Era berean, tratu onean oinarrituriko harremanek elkarte eta erakundeen funtzionamenduari ekartzen dioten onura ere oso kontuan izatekoa da, nahiz eta arlo hau askotan bazter utzi eta gizartean nagusi diren jarrera kaltegarriak gailendu talde gehienetan.

Izatez, sexismotik haragoko ekimena da Tratu Onaren aldeko hau, nahiz eta sexismoa izan tratu onezko harremanak zailtzen dituen gakoetako bat.

Lehenengo lantegi honetan, eta datozen beste hiruetan erabiliko duguna ere, ibili dugun metodologia partea hartzea eta norberaren inplikazioa ahalik eta handiena zein sakonena izateari begira dago pentsatuta. Izan ere, ez gara mugatzen ariketa intelektuala egitera, geure emozioetan nahiz bizipenei ere tartea eskaintzen diegu-eta. Honetarako, konfiantzako giro ziurra, giro intimo eta kidetasunezkoa, gaitzespen eta erruduntasunik gabea sortzen saiatzen gara, non norberak libreki parte hartzen duen. Oso emankorra izaten da bai taldearentzat bai taldekide bakoitzarentzat.

Beraz, larunbatean  Gaztetxearen Asanbladako zazpi kide eta zortziok -beste bi ezin izan ei ziren etorri- lau lantegiko sorta baten estraineko urratsa egin eman genuen Lakaxitan. Goizeko 10’30etan eta 13’30etan edo amaiera eman genion jardunari. Bi gai nagusi jorratu genituen:

  • Bata, gizakion izatea -jendearen berezko ezaugarriak, potentzialitateak, ahalmenak,…-. Izan ere, jendearen arteko tratu onaz ari bagara, tratu on horiek emaile eta jasotzaile diren pertsonez aritu behar dugu.
  • Bestea, tratu onaren definizio kolektiboa zein indibiduala; alegia, tratu onaren ezaugarriak, zelako baldintzak behar dituen gauzatu ahal izateko,…

Hurrengo lantegietan honako esparrutan arituko gara, besteak beste: jokabide desegokien ezaugarriak eta jatorriak; tratu txarra eta zapalkuntzak -ezaugarriak, antzekotasunak, ezberdintasunak,…-;  norberaren sendotzea tratu txarrik onar ez dezagun, autoestimua, emozioen kudeaketa osasuntsua,…; tratu onean oinarrituriko harremanak eraikitzeko proposamenak– elkar laguntza, harreman kooperatiboak,…-.

Uste dut, bere xumean, jarduera emankorra izango dela tratu onaren aldekoa eta itxaropentsu nago. Beste toki batzuetara zabaltzea ere pentsatzen ari naiz, ikusiko dugu.

Beno, lagun maitea, gaurkoz hauxe da dena. Hartzazu besarkada handi goxoa eta ondo bizi! merezi duzu-eta.